Posts Tagged ‘Espainiako Konstituzioa’

Twiterren @okerreko ezizena erabiltzen duen Jokin Azpiazu Carballo soziologo eta ekintzailea aditua da LGTB eta feminismo aferetan. Bere hainbat elkarrizketa eta artikulu daude eskuragai sarean, besteak beste Pikararen bidez ezagututako gogoeta hau, non begirada zorrotz eta eraikitzailez aztertzen dituen azken urteetan boladan dabiltzan maskulinitate berriak eta haiek sustatzen diharduten taldeak. Hein handi batean artikulu horrek eragindako inpresio onak bultzatuta jarraitzen ditugu bere Twitter kontuko txioak, eta soilik interes begirunetsu horretatik uler daitezke datozen iruzkinak.

Izan ere, hauxe zioen @okerreko-k, aurreko batean, oinarrizko eskubideei buruz:

OOEE erretorika hutsala?

Lehenik eta behin, esan beharra dago Atutxak esandakoa zentzugabekeria juridiko latz xamarra dela. Ez dakigu Atutxak erreferentzia egiten dien adierazpenak zehatz-mehatz nolakoak ziren, baina argi eta garbi dago arduradun politikoei “kudeaketa txarra leporatzeak” ez duela ezein oinarrizko eskubide urratzen. Izan ere, Konstituzioko 20. artikuluak errekonozitzen duen adierazpen askatasunak luze eta zabal babesten du kritika politiko oro, delitu bat egitea zuzen-zuzenean leporatzera lerratzen ez den bitartean, zeina ez den, dirudienez, kasu honetan gertatzen dena. Auzitegi Konstituzionala maiz mintzatu izan da adierazpen askatasunak gizarte demokratiko batean duen berebiziko garrantziaz, oinarrizko eskubideen artean lehentasunezko posizio batean dagoela esateraino (18. artikuluak aitortutako ohorerako eskubidearekin izan litzazkeen talken kasurako, adibidez).

Itsaso Atutxa, EAJren Bizkai Buru Batzarrek presidentea

Nolanahi ere, Itsaso Atutxaren adierazpenek ez dituzte zuritzen hurrengo bi txioetan esanikoak. Hasteko, gobernuek eta alderdiek “pertsonen oinarrizko eskubideak” izan ditzaketenik sinestezintzat jotzen bada ere, gobernuak administrazio publikoen parte dira (berorien gailur, zehazki), eta hala, pertsonifikazio juridikoa duen entitate juridiko-publiko baten administrazio publiko baten, alegi parte. Alderdi politikoak, orobat, asoziazio edo elkarte mota berezi bat diren heinean, pertsona juridikoak (Espainiako esamoldea) edo pertsona moralak (Frantziakoa) dira ezbairik gabe. Hortaz, pertsona-juridiko publikoen kasua gatazkatsuagoa eta ñarbartu beharrekoa bada ere, biak ala biak dira aplikagarri zaizkien oinarrizko eskubideen titular (ez, noski, bizitzarako eskubidearen titular), Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia sendoaren arabera.

Pertsonifikazio juridikoaren teknika ez da derrigor ezagutu beharrekoa Zuzenbidean ari ez denarentzat, baina hirugarren eta azken txioan adierazitakoan koxka bat estuago estuegi jarraitzen du kontuak: “oinarrizko eskubideen diskurtso antiterrorista” aipatzen da. Tira, lehenik eta behin esan behar dugu post honek ez duela Zuzenbidearen defentsa leial eta ñabardura gabea izateko bokaziorik (aldarrikapen horiek, behar besteko ñabardurez eta zehaztapenez hornituta noski, hobeto adierazita aurki ditzake irakurle interesatuak Calamandrei edo Ihering bezalako erraldoi juridikoengan, Zuzenbideagan fedea-n eta Zuzenbideagatiko borroka-n, hurrenez hurren); aitzitik, bere asmoa da Zuzenbidearen halabeharrezko muga eta ezintasunen oso jakitun izanik, hala eta guztiz ere gizarte demokratiko batean (Zuzenbide Estatu demokratiko batean!) ukaezina eta funtsezkoa den bere funtzioa gogoraraztea.

Izan ere, oinarrizko eskubideak “diskurtso antiterroristaren” makulu huts izatera murriztea beroriek edozein sistema juridiko demokratikotan duten errotiko garrantziaren aurrean itsu izatea da. Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoak, esaterako, Frankismoan eta harrez geroztik ere mugarri izan den bere “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioan, lau ezaugarri jotzen ditu ezinbestekotzat Zuzenbide Estatu baten existentziaren aitortza egiteko: herri borondatean oinarritutako legearen agintea, botere banaketa, Zuzenbidearen menpeko Administrazioa eta oinarrizko eskubideak. Beraz, terrorismoaren aurka aritzeko balio dute oinarrizko eskubideek, noski, zeren eskubide absoluturik ez badago ere, bizitzarako eta askatasunerako eskubideak baitira ziurrenik gainerakoen abiapuntua, baina baita askoz gehiagorako ere.

Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoa, “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioaren egilea

Izan ere, Bigarren Mundu Gerra osteko garaipen juridiko nagusietako bat Konstituzioen (eta bertan zerrendatutako oinarrizko eskubideen) zuzeneko aplikagarritasuna izan da, beren behialako balio programatiko hutsa atzean utziz. Oinarrizko eskubideak edozein ordena juridikoren erdigune eta abiapuntua dira: beren efektua, urraezin duten funtsezko edukitik (Espainiako Konstituzioko 53. artikulua, Alemaniako Konstituzioko 19.a) haratago doa eta sistema juridiko osoa blaitzen du, ordenamendu juridiko osoa haien arabera eta haiekiko errespetuz interpretatu eta aplikatu behar baita, beren funtzionaltasuna eta irispidea maximizatzeko xedea botere publikoen jardunaren gidari delarik.

Oinarrizko eskubideak, zeintzuak ez baitaukate izen hori alferrik, ez dira inolaz ere diskurtso edo erretorika hutsala, aipatu bezain azkar airean desegiten diren kontzeptu etiko lauso eta onkeriazkoak, baizik eta, aitzitik, ororen askatasuna eta duintasuna ahalbidetu eta bermatzeko, efektu eta gorpuzte nabari eta ukigarriak dituzten tresna juridiko-teknikoak.

Hitz bitan, oinarrizko eskubideetan datza lotsagorritu gabe Zuzenbide Estatu demokratiko (beti inperfektu) dei daitekeenaren eta erregimen autokratikoen/totalitarioen/autoritarioen/diktatorialen arteko aldea.

Beste baterako utziko dugu LGTB kolektibokoetako kideekiko oinarrizko eskubideek izan ditzaketen berealdiko efektu positiboen ebokazioa, baina blog honetako beste artikulu batean jada aritu ginen, feminismoan (batez ere azkenaldiko legezko berritasunen karietara) zentrala den abortuaren gaiaren inguruan, abortatzeko edo amatasuna libreki planifikatzeko oinarrizko eskubide bat maila konstituzionalean atiortzeak lekarzkeen inplikazioetaz: hasteko, Konstituzioak halako oinarrizko eskubide bat errekonozituko balu, ezinezkoa litzateke gaur egun Espainiako Gobernua prestatzen ari den abortuari buruzko erregulazio murriztailea legez onartzea.

Froga paregabea oinarrizko eskubideak, eta oro har Zuzenbidea, erretorika hutsala baina askoz gehiago direla konturatzeko.

Atzo argitaratu zen Kataluniako Parlamentuak iazko urtarrilean onartutako subiranotasun adierazpenaren puntu bat baliogabetu duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia. Aho batez, organu honek adierazpenaren zati funtsezkoena baliogabetu du, halaxe dioen lehenengo puntua:

“Subiranotasuna. Subjektu politiko eta juridiko subirano izateko zilegitasun demokratikoa du Kataluniako herriak.”

Bestetik, xedapen aurkaratuak Konstituzioaren arabera interpretatzeko duen ahalmenaz baliatuz, “Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubideari” eginiko erreferentziak, epaiko oinarri juridikoen arabera interpretatuz gero, Konstituzioaren kontrakoak ez direla ebatzi du. Ondorio honetara iristeko, auzitegia adierazpenaren zazpigarren puntuan aldarrikatutako “legezkotasun printzipioan” oinarritu da, “erabakitzeko eskubideari” eginiko erreferentziak Konstituzioa eta oro har ordena juridikoa erreformatzeko prozeduren bidez bideratu daitezkeela ulertuz.

Horiexek ziren Espainiako Gobernuak subiranotasun adierazpenetik aurkaratutako (auzitan jarritako) parte nagusiak eta, espero zitekeen bezala, lehenego eta garrantzitsuenean Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio, berau baliogabetuz, batez ere Konstituzioaren 1.2 (“Nazioaren subiranotasuna Espainiako herrian datza, eta hortik sortzen dira Estatuaren botereak”) eta 2 (“Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da, hura baita espainiar guztien aberri komun eta banaezina; Konstituzioak aitortu eta bermatu egiten du Espainia osatzen duten eskualde eta nazionalitateen autonomia eskubidea, bai eta horien guztien arteko elkartasuna ere”) artikuluetan oinarrituta.

Adela Asúa Batarrita bilbotarrak idatzitako epai laburrean, gure ustez, gaia inguratzen duen tentsio eta ika-mika politikoetan baretasun moduko bat jartzeko nahia antzeman daiteke. Hala interpretatu daitezke bai adierazpenean dialogoari eta eztabaida politikoari egiten zaizkion erreferentzien balioestea, bai hitzez hitz esatea Kataluniako Parlamentuaren erreforma konstituzionalerako proposamen bat Espainiako Gorteek behintzat aintzat hartu beharko lukeela, eta baita erabakia aho batez hartzeko ahalegina, auzitegiko kideen artean epaia oinarritzeko argudio juridiko kontrajarriak omen zeudenean. Menturatu gaitezke esatera azken honen bitartez Auzitegi Konstituzionala saiatu dela, Kataluniako Parlamentuaren apostu subiranistaren aurrean, irmotasun konstituzionaleko jarrera batez gainera, Madrilgo eta Bartzelonako Gobernuen arteko elkarrizketa sustatu nahi izan duela, Kataluniako Parlamentuaren adierazpena termino gogorragoetan baztertzea eta baliogabetzea baztertuz.

Auzitegi Konstituzionalaren balizko azken asmo hau gorabehera, kontua da, batetik, Kataluniako Gobernuak (eta zer esanik

ez ERCk eta CUPek) jada adierazi duela ez diotela baliorik ematen ebazpenari (eta azken hau ez da munta txikiko kontua, prozesuaren atzera bueltarik gabeko bidean sakontzen baitu), eta azaroan galdeketa egiteko prozesuak abian jarraitzen duela. Bestetik, ez dirudi Espainiako Gobernuak bere Rajoy-style inmobilismotik mugitzeko asmorik duenik, jendaurrean behintzat. Hortaz, ondorioztatu daiteke atzo kaleratutako epaiak, ikuspuntu juridikotik gertaera inondik ere azpimarragarria izanik ere, ez duela epe laburrean Kataluniako gertaera politikoen norabidea nabarmen aldatuko, nahiz eta ezin baztertu daitekeen abian dagoen tentsio gorakadan pauso garrantzitsua izatea.

Izenburua: Constitución. Egilea: Santiago Muñoz Machado. Jatorrizko hizkuntza: espainiera. Argitalpen urtea: 2004. Argitaletxea: Iustel.

Santiago Muñoz Machadoren Constitución Espainiako sistema konstituzionalari buruzko monografia da, bertako konstituzionalismoaren historia, egun indarrean dagoen Konstituzioa eta honek Europar Batasuneko sistema konstituzionalarekin duen harremana aztergai dituena. Espainian Zuzenbide Konstituzionaleko ikasgaia lantzeko (inork gutxik kasu egin ohi dion) “bibliografia osagarrian” sarri agertzen den aleetako bat da, Eduardo García de Enterríaren La Constitución como norma y el Tribunal Constitucionalekin batera, besteak beste. Azken hau ez bezala, Konstituzioak indarrean jada hamarkada batzuk zeramatzanean eman zen argitara, 2004an hain zuzen, bere eragina eta aplikazioa denboraren eskarmentuz aztertzeko parada emanez.

Edonola ere, espero zitekeenez, liburua espainiar konstituzionalismoaren errepasoa eginez abiatzen da, ezaugarri aipagarri batekin: besteak beste lehen aipatutako García de Enterríaren liburuak eta doktrina nagusiak gai honi dagokionez esandakoa hein batean auzitan jarriz, Muñoz Machadok dio XIX. mendeko konstituzioek izan, izan zutela indar arauemaile edo normatiboa (eta ez zutela, beraz, printzipio programatiko multzo huts gisa jokatu, doktrina horrek aldeztu izan duen gisa), eta soilik gailentasun hierarkikoa izan zutela faltan, gaurkoarekin erkatuz gero. Baieztapen hori defendatzeko arrazoiketak ekarpen interesgarriak egiten ditu, baina zalantzazkoa da, gure ustez, zenbateraino esan daitekeen, gehiegizko abstrakzio edo orokortasunetara jo gabe, konstituzio batek benetako indar arauemailea duela bere xedapenak, praktikan, lege soil batez indargabetu daitezkeenean. Hots: lege baten pareko indarra baldin badu, benetan esan al daiteke, terminoek errealitatea ezkutatu gabe, “Konstituzioak indar arauemailea duela”?

Idatziaren bigarren zatian, egilea 1978ko Konstituzioaren egitura eta edukia aztertzeari lotzen zaio. Parte honi dagokionez, interesgarria deritzogu 15. artikulutik aurrera kokatuta dauden oinarrizko eskubideen azterketaren ertz jakin bati, alegia, oinarrizko eskubideetan bi dimentsio jakin zehazteari. Hala, batetik normalean jorratutako dimentsio subjetiboa geneukake: oinarrizko eskubideak eskubide subjetibo gisa, aritzeko edo jarduteko esparru babestu gisa. Bestetik, baina, Muñoz Machadok berorien dimentsio objetiboa azpimarratzen du: oinarrizko eskubideak berme instituzionalak lirateke; alegia, instituzio batzuen izaera eta egitura Konstituzioak zuzenean finkatzen baditu ere, beste kasu batzuetan oinarrizko eskubideen funtsezko edukiak (53. artikulua) legegileari pasatuko lioke, instituzio horien berme gisa arituz, berauek arautzeko eginkizuna. Hala, liburuan aipatzen den Auzitegi Konstituzionalaren 1981eko uztailaren 28ko epaiak dioenez, “Definizioz, […] berme instituzionalak ez du behin-betiko zehaztutako eduki jakin bat edo konpetentzia esparru jakin bat ziurtatzen, baizik eta [ziurtatzen duena da] instituzio baten mantentzea garai eta toki bakoitzean hartaz dagoen ideiaren arabera”.

Bestetik, Muñoz Machado biziki kritiko agertzen da 1978 Konstituzioak lurralde antolamenduari dagokionez ezarritako arautzearekin, berau lausoegitzat jotzen baitu eta, ondorioz, uste baitu Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziari ardura larriegia pasatu ziola Autonomia Estatuaren garaperani dagokionean. Oroit bedi Constitución 2004an idatzia dela, 2006ko Kataluniako Estatutua onartu eta honek ekarritako gertakari soka luzea (PPren aurkaratzearen ondoren Auzitegi Konstituzionalak bere zenbati xedapen baliogabetu zituen, 2010eko manifestazio historikoa egin zen, 2012 eta 2013ko Diada historikoek joera subiranisten indarraldia frogatu dute) baino lehen, alegia, baina bertzenaz ere egileak antzeko iritziak mantendu ditu orain gutxi, Espainiari buruzko txostenarekin 2013ko Espainiako Saiakera Saria irabazi izanaren karietara, eskainitako elkarrizketa batean.

Espainiako Konstituzioaren eta Europar Batasuneko “Konstituzioaren” (hots, jatorrizko Zuzenbide edo Tratatuen) arteko harremana eta elkarrekintza aztergai dituzten azken bi zatiak ere interes handikoak dira. Europarentzat Konstituzio bat ezartzen duen Tratatua onartzear zegoen (edo hala uste zen) garaian idatzia, liburuak munta handiko hainbat gai jorratzen ditu. Esate baterako, nazioz gaindiko Tratatu hauek onartzeak Estatuen (eta bereziki Espainiaren) Konstituzioan eragiten dituen mutazioak (idatzizko erreforma esplizituez bereizteko erabilitako hitza, Jellineken sailkapenean), eta nola horiek Konstituzioetan esku hartze desberdinak eragin dituzten europar estatuetan (esangura sakoneko aldaketak Alemanian eta Frantzian, 13.2 artikuluaren 1992ko ikututxoa Espainian); Estatutetako Auzitegi Konstituzionalen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (balizko) babes-maila ezberdinak oinarrizko eskubideei dagokionez, eta (balizko) problema hori nola onbideratu den; eta, batez ere, nola EBko Zuzenbideak epaileen boterea izugarri emendatu izana, besteak beste, beren Estatuetako legeak ez aplikatzeko ahalmena (eta betebeharra) jarriz beren eskuetan, horiek arau europarren batekin kontraesanean badaude. Honen harira, EBko Zuzenbidearen lehentasun printzipioa deritzon ondorio tinko eta erabakigarri horretara (kontraesanik egonez gero, beti aplikatu behar da EBko Zuzenbidea arau estatalen aurretik, nahiz eta hauek geroagokoak izan) eraman duen Europako Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren jarraipena ematen da, Costa/Enel, Factortame edo Simmenthal bezalako epai mugarrien bitartez.

Dena dela, EBko Zuzenbideak Estatu kideen ordena juridikoetan izan duen eragin eskerga antzemateko, bereziki aproposa iruditzen zaigu 317. orrialdea irekitzen duen lerrokada: “[Espainiako] Konstituzioa, hortaz, arauen aplikazioari buruzko arautzat jo behar da, J.L. Requejo Pagések zuzen esan duen moduan, eta ez ordena juridiko jakin batean dauden arauen baliozkotasunaz ebazten duen arautzat, zeren eta kanpoko ordenan [Europar Batasunekoan, kasu honetan] sortzen diren arauak soilik ordena horretan ezarritako irizpide material eta prozedurazkoen arabera baloratu baitaitezke”. Ezinezkoa da 300 bat orrialdeko liburua paragrafo batean laburtzea, baina ez da lagin txarra Constituciónen edukia eta Espainiako egungo ordena juridikoaren egoera laburtzeko.

Luzetxo jo duen posta amaitzeko, esan dezagun Muñoz Machadoren Constitución testu interesgarri eta mamitsua dela, jada hamar urte zahar izatearen handicapa kontuan hartuta ere (argitalpenaz geroztik egon da gertaera juridiko garrantzitsurik EB mailan), Zuzenbide Konstituzionalean interesa eta ezagutza minimo bat duenarentzat eta, bereziki, Europar Batasuneko Zuzenbideak ordena juridiko nazionaletan izan duen eraginari begirada landu bat luzatu nahi dionarentzat.