Posts Tagged ‘Feminismoa’

Belen Altunaren 2003ko Euskaldun fededun hau, azpitituluak dioenez, “euskaldun ona izateko modu baten historia” da. 350. orrialdetan zehar, hain zuzen ere, XVIII. eta XX. mende bitarteko euskaldunek zuten erlijioso famaren jatorriaren, garapenaren eta gainbeheraren bilaketa agertzen zaigu, zertxobait kimatutako doktorego tesian. Eta esan beharra dago, aurrerago edukian gehiago sakondu aurretik, tesi izaera horrek oso-oso gutxitan baino ez diola irakurleari halako astunkeria sentsazio bat eragiten, eta oro har Altunaren lana, patsadaz leitzekoa izanda ere, irakurterraza dela oso teologia eta erlijio kontuetan ikasia ez denarentzat ere. Azalpen terminologikoak eta zorroztasun analitikoa, esaterako, ezin hobeto uztartzen dira, ez motelegia ez azkarregia ez den erritmo aproposak eta hizkera jori baino ez kargatuegiak lagunduta, irakurlearen onerako.

Rikardo Arregi zenaren esanak ekartzen dira hizpidera behin baino gehiagotan. Euskaldunen Jainkoa “gizonaren autonomiaren etsaia eta eragozpena” omen zen, eta ezin uka Altunak xehe-xehe transkribatu eta aztertzen dituen testuetan (Añibarro, Mogel, Zabala, Palacios, Agirre Asteasukoa, eta abar) Jainko horrek munduan dituen agenteak, apaizak, burubelarri lotzen direla gizakaren edozein askatasun eta autonomia eremu desagertzeraino txikitzera.

Elizgizonen seta nagusia beren artaldekideen kontzientzia azken zokoraino arakatzea da, urrutitik ere bekatuaren nolabaiteko antza duen edozer errotik ezabatu eta gizakume oro bide onetik eramateko. Apaizen joera obsesibo-konpultsibo hori ezin hobeto mamitua ageri zaigu Añibarro, Mogel, Agirre eta abarren testuetan bertan, baina Altunaren azalpenak oso argigarriak dira ateraldi horiek guztiak ideia sistema logiko eta koherente batean txertatzeko. Izan ere, gaur eguno begiez beren adierazpenak komikoak (hara Zabalak infernua nola deskribatzen duen: “Goitic ta beetic sua, alboetatic sua, aurretic ta atzetic sua, beguietatic sua, belarrietatic sua, ao-surretatic sua, araguietatic sua, azurretatik sua, unetatic sua, eta alde guztietatic sua”) eta, batez ere, groteskoak iruditu ahal bazaizkigu ere, Altunaren esposiziotik argi eratortzen da Elizaren jarduna ez dela jitoan dabiltzan ideia ezberdinen multzo hetereogeneoa, helburu zehatzetara bideratutako jardun kontzientea baizik.

Belen Altuna, liburuaren egilea, EHUko Donostiako Filosofia Fakultateko irakasle da

Alegia, hertsiki erlijiosoak diren motibazioak gorabehera, mende horietako Eliza boteredunek beren menderakuntza oinarritzeko beharrezko dituzten egiturak sostengatzeko habe garrantzitsua da. Adibidez, agintari absolutuenganako obedientzia itsua sustatzerakoan, batez ere nekazarien artean, XVIII. eta XIX. mendeetan desbideraketa liberalak sortzen direnean (“Christiandadeco Legue santubak obligaitan gaitu ere pecatu mortalaren azpian, obedecitara Munduco Emperadore, Erregue, eta Principiai“). Status quoa kostal ahala kosta defendatzeko ardura bera ageri da emakumezkoen mendekotasuna iraunarazteko helburuan ere, alde batetik bere jaidura erlijioso handiagoa goratuz (Ama Birjinaren ondorengo prestu izango litzateke halakoetan, gizon ez hain fededunentzako eredu), baina bestetik bere ezkutuko arrisku eta gaiztakeria orobat handiagoak salatuz (Ebaren jatorrizko bekatuaren sustatzaile rola gogoratuz, kasu honetan), ezinbestean Simone de Beauvoirren Bigarren sexua-ko zenbait orrialde gogorarazten dituen bitasun hori azpimarratuz. Bi ezaugarri kontraesankor horiek, baina, beti daramate ondorio berera: emakumeek pere posizio subordinatuan mantentzeko duten betebeharra nabarmentzera.

Genero auzietatik urrundu gabe, atentzioa eman digute Altunak transkribatutako hainbat pasartek, zeinak queer perspektiba batetik emankorrak izan daitezkeen genero eredu hertsien sendotze eta betikotzean Elizak (ere) izan duen rola gogoraratzeko: “Deungaro [gaizki] eguiten dave nescatillac guizon yaciten badira, mutilac orraztuten badituez, edo mutilagaz nastean zaldi baten ganean badabiltz” [Zabala]; “Sarritan ekusten omen dira gaurko egunean bideetan emakumeak gizonen eran jantziak, eta edozeñek dakus zeñ ondoren txarrak ekarri litzakean ergelkeria onek gure errietan zabalduko baliz” [J.B. Agirre]; “Emacumeac guizonez jancirik, edo guizonak andreen janciaz; […] bada alan joateaz besteturic, adietan emoten dabe doazala libertade gueiagoaz lujuriatzeco” [Añibarro].

Horrelako jarrerek eta beste batzuek (beren urteroko gutxieneko aitortzak kontrolatzen zituzten “chartelen bildurrez”, eta soilik horregatik, apaizaren aurrean aitortza egiten zutenen kasuak, esaterako) gogorarazten dute, bide batez, egungo gizarte sekularizatuan erlijioak pertsona askoren bizitzan bere lekua izaten jarraitzen duen bezala, ez dela neurriz gain orokortu behar iragan mendeetako biztanleen erlijiotasuna. Izan ere, elizgizonen admonizio beldurgarri eta presio espiritual itogarria gorabehera, kasu horiek erakusten digute, izan, bazeudela erresistentziak erlijioaren omnipresentziaren aitzinean.

Esan gabe doa, baita maila apalagoan, birao eta juramentuen edo dantzen bidez adibidez, kanporatzen ziren erresistentziak ere, hurrenez hurren J. B. Agirre eta Frai Bartolomeren bi aipu hauek erakusten diguten bezala, bide batez euskarak birao eta irainik ez duela dioen aspaldi deuseztatutako mito hori barregarri utziz: “Onenbeste zabaldu da gaurco egunean geure errietan berba loiac esateco izcue charra ce, nago ece Cristiandade guztian erriz erri, ta yentez yente, eztala iñon bere euscal-errietan bashen berba loi gueiago esaten“; “Menturaz ez da Cristiandade guztian dantza desonestubagoric, ta lotsa guichiagocoric eguiten egun arguiz, euscal errijetan baino“.

Vatikano hiria, Erromako apezpiku eta Elizako buruaren egoitza

Honaino iritsita, liburuari egotzi diezaiokegun gabezia bakarretakoa aditzera ematea dagokigu: liburuaren titulu-azpitituluak iragartzen du bertan topatuko duguna “euskaldun ona” izateko modu baten historia izango dela. Alabaina, irakurketa amaitzean nabarmentzen den sentsazioa da batez ere generikoki “kristau ona” izateko irakaspideen multzoa erakutsi zaigula, euskaraz mintzo ez zen lurraldeetan beste hizkuntzetan emango zen modu bertsuan. Eta oso litekeena iruditzen zaigu, are ukaezina, Eliza Katolikoan berdin-berdin jardun izana bere meneko lurralde guztietan, baina agian horrexegatik zertxobait faltan nabaritu dugu euskal herrietan integrismo eta fanatismo plus hori eragiten zuten kausetan sakontzea. Egia da liburuaren lehen zatian foruen auziak azken horrekin zuen erlazioa aztertzen dela baina, liburuari eragozpenen bat jartzekotan, euskal herrietako muturreko katolizismo hori, beste leku batzuetako katolizismo (akaso) bareagoetatik desberdindu zezakeen zergatietan gutxiegi sakondu izana da. Alegia, gure Añibarro, Mogel, Agirre eta beste erreakzionario ultrakatoliko kuadrila Ebrotik behera, Aturritik gora edo Europan barrena zituzten beste erreakzionario kuadrilen hain desberdinak ote ziren ikertzea.

Baina zehaztapen horetatik harago, kontua da Altunaren lanak, objektibotasuna gordez baina gupidarik gabe, nota onez lortzen duela Eliza Katolikoaren historiako alderdi ilun horiek argitara ematea, eta bere jardunaren funtsa eta zuzeneko nahiz zeharkako helburuak azpimarratzea; alegia, erakustea zenbateraino izan den erlijioa kontrol sozialerako tresna, zapaltzen zuten orotariko botereen aurrean jendea meneko, otzan, esaneko izan zedin. Zenbateraino exijitu duen bizitza mundutarrean bizigarri den oro balizko eternitate zerutiar baten alde sakrifikatzea, kontzesiorik gabe, lurreko ordena soziala alda zezakeen edozein ideiari zirrikitu librerik utzi gabe. Añibarroren hitzak ezin esanguratsuagoak dira bizi ikuskera gris eta pozoitsu hori ikustarazteko: “ez jacu emon bicitza labur au emoteco danza, fiesta, solas gaisto zoroetan, ezpada guere pecatuac negar eguiteco”.

Bukaeran, baina, susmo oso mingots bat gera dakioke irakurleari. Aukera errazena liburuko egitateak aspaldi amaitutako iragan bateko kontutzat hartzea bada ere, akaso hautu xaloegia eta autoengainuzkoa da. Izan ere, ez al da posible duela mende bat baino gutxirago arte halako intolerantzia, integrismo, itxitura eta tirania garraiatzeko bide izan diren ideiak eta praktika sozial eta kulturalak, nolabaiteko sedimentazio baten bitartez, belaunaldiz belaunaldi modu kontziente nahiz inkontzientean transmititu izana? Hots, ez al da posible, gure burua aski laiko eta sekularizatutzat izanda ere, fanatismo hori, erlijioa ahaztuta, beste kausa kasik jainkozkoetara bideratu izana?

Norberak bere ondorioak atera ditzake, baina azken 50 urteetan ETAk eraildako 800 pertsonek zenbait gogoetabide ireki ahalko lituzkete, gutxienez…

Advertisements

Twiterren @okerreko ezizena erabiltzen duen Jokin Azpiazu Carballo soziologo eta ekintzailea aditua da LGTB eta feminismo aferetan. Bere hainbat elkarrizketa eta artikulu daude eskuragai sarean, besteak beste Pikararen bidez ezagututako gogoeta hau, non begirada zorrotz eta eraikitzailez aztertzen dituen azken urteetan boladan dabiltzan maskulinitate berriak eta haiek sustatzen diharduten taldeak. Hein handi batean artikulu horrek eragindako inpresio onak bultzatuta jarraitzen ditugu bere Twitter kontuko txioak, eta soilik interes begirunetsu horretatik uler daitezke datozen iruzkinak.

Izan ere, hauxe zioen @okerreko-k, aurreko batean, oinarrizko eskubideei buruz:

OOEE erretorika hutsala?

Lehenik eta behin, esan beharra dago Atutxak esandakoa zentzugabekeria juridiko latz xamarra dela. Ez dakigu Atutxak erreferentzia egiten dien adierazpenak zehatz-mehatz nolakoak ziren, baina argi eta garbi dago arduradun politikoei “kudeaketa txarra leporatzeak” ez duela ezein oinarrizko eskubide urratzen. Izan ere, Konstituzioko 20. artikuluak errekonozitzen duen adierazpen askatasunak luze eta zabal babesten du kritika politiko oro, delitu bat egitea zuzen-zuzenean leporatzera lerratzen ez den bitartean, zeina ez den, dirudienez, kasu honetan gertatzen dena. Auzitegi Konstituzionala maiz mintzatu izan da adierazpen askatasunak gizarte demokratiko batean duen berebiziko garrantziaz, oinarrizko eskubideen artean lehentasunezko posizio batean dagoela esateraino (18. artikuluak aitortutako ohorerako eskubidearekin izan litzazkeen talken kasurako, adibidez).

Itsaso Atutxa, EAJren Bizkai Buru Batzarrek presidentea

Nolanahi ere, Itsaso Atutxaren adierazpenek ez dituzte zuritzen hurrengo bi txioetan esanikoak. Hasteko, gobernuek eta alderdiek “pertsonen oinarrizko eskubideak” izan ditzaketenik sinestezintzat jotzen bada ere, gobernuak administrazio publikoen parte dira (berorien gailur, zehazki), eta hala, pertsonifikazio juridikoa duen entitate juridiko-publiko baten administrazio publiko baten, alegi parte. Alderdi politikoak, orobat, asoziazio edo elkarte mota berezi bat diren heinean, pertsona juridikoak (Espainiako esamoldea) edo pertsona moralak (Frantziakoa) dira ezbairik gabe. Hortaz, pertsona-juridiko publikoen kasua gatazkatsuagoa eta ñarbartu beharrekoa bada ere, biak ala biak dira aplikagarri zaizkien oinarrizko eskubideen titular (ez, noski, bizitzarako eskubidearen titular), Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia sendoaren arabera.

Pertsonifikazio juridikoaren teknika ez da derrigor ezagutu beharrekoa Zuzenbidean ari ez denarentzat, baina hirugarren eta azken txioan adierazitakoan koxka bat estuago estuegi jarraitzen du kontuak: “oinarrizko eskubideen diskurtso antiterrorista” aipatzen da. Tira, lehenik eta behin esan behar dugu post honek ez duela Zuzenbidearen defentsa leial eta ñabardura gabea izateko bokaziorik (aldarrikapen horiek, behar besteko ñabardurez eta zehaztapenez hornituta noski, hobeto adierazita aurki ditzake irakurle interesatuak Calamandrei edo Ihering bezalako erraldoi juridikoengan, Zuzenbideagan fedea-n eta Zuzenbideagatiko borroka-n, hurrenez hurren); aitzitik, bere asmoa da Zuzenbidearen halabeharrezko muga eta ezintasunen oso jakitun izanik, hala eta guztiz ere gizarte demokratiko batean (Zuzenbide Estatu demokratiko batean!) ukaezina eta funtsezkoa den bere funtzioa gogoraraztea.

Izan ere, oinarrizko eskubideak “diskurtso antiterroristaren” makulu huts izatera murriztea beroriek edozein sistema juridiko demokratikotan duten errotiko garrantziaren aurrean itsu izatea da. Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoak, esaterako, Frankismoan eta harrez geroztik ere mugarri izan den bere “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioan, lau ezaugarri jotzen ditu ezinbestekotzat Zuzenbide Estatu baten existentziaren aitortza egiteko: herri borondatean oinarritutako legearen agintea, botere banaketa, Zuzenbidearen menpeko Administrazioa eta oinarrizko eskubideak. Beraz, terrorismoaren aurka aritzeko balio dute oinarrizko eskubideek, noski, zeren eskubide absoluturik ez badago ere, bizitzarako eta askatasunerako eskubideak baitira ziurrenik gainerakoen abiapuntua, baina baita askoz gehiagorako ere.

Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoa, “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioaren egilea

Izan ere, Bigarren Mundu Gerra osteko garaipen juridiko nagusietako bat Konstituzioen (eta bertan zerrendatutako oinarrizko eskubideen) zuzeneko aplikagarritasuna izan da, beren behialako balio programatiko hutsa atzean utziz. Oinarrizko eskubideak edozein ordena juridikoren erdigune eta abiapuntua dira: beren efektua, urraezin duten funtsezko edukitik (Espainiako Konstituzioko 53. artikulua, Alemaniako Konstituzioko 19.a) haratago doa eta sistema juridiko osoa blaitzen du, ordenamendu juridiko osoa haien arabera eta haiekiko errespetuz interpretatu eta aplikatu behar baita, beren funtzionaltasuna eta irispidea maximizatzeko xedea botere publikoen jardunaren gidari delarik.

Oinarrizko eskubideak, zeintzuak ez baitaukate izen hori alferrik, ez dira inolaz ere diskurtso edo erretorika hutsala, aipatu bezain azkar airean desegiten diren kontzeptu etiko lauso eta onkeriazkoak, baizik eta, aitzitik, ororen askatasuna eta duintasuna ahalbidetu eta bermatzeko, efektu eta gorpuzte nabari eta ukigarriak dituzten tresna juridiko-teknikoak.

Hitz bitan, oinarrizko eskubideetan datza lotsagorritu gabe Zuzenbide Estatu demokratiko (beti inperfektu) dei daitekeenaren eta erregimen autokratikoen/totalitarioen/autoritarioen/diktatorialen arteko aldea.

Beste baterako utziko dugu LGTB kolektibokoetako kideekiko oinarrizko eskubideek izan ditzaketen berealdiko efektu positiboen ebokazioa, baina blog honetako beste artikulu batean jada aritu ginen, feminismoan (batez ere azkenaldiko legezko berritasunen karietara) zentrala den abortuaren gaiaren inguruan, abortatzeko edo amatasuna libreki planifikatzeko oinarrizko eskubide bat maila konstituzionalean atiortzeak lekarzkeen inplikazioetaz: hasteko, Konstituzioak halako oinarrizko eskubide bat errekonozituko balu, ezinezkoa litzateke gaur egun Espainiako Gobernua prestatzen ari den abortuari buruzko erregulazio murriztailea legez onartzea.

Froga paregabea oinarrizko eskubideak, eta oro har Zuzenbidea, erretorika hutsala baina askoz gehiago direla konturatzeko.

Duela hilabete pasatxo, Pikara atari gomendagarrian “Oinarrizko eskubideei buruzko erreferendumak: demokrazia ala manipulazioa?” izeneko sarrera mamitsu bat argitaratu zuten J. Marcos eta María Ángeles Fernándezek. Sexu bereko bikoteen adopzioak ahalbidetuko lituzkeen legeak Portugalen izan duen bilakaera aztertzen du, itaun nagusi bat paratuz: posible al da oinarrizko eskubideei buruzko erreferendumik? Edo, sinpleago: oinarrizko eskubideen inguruan bozkatu al daiteke?

Artikuluak, bere muinetik zertxobait urrunduta, aspaldian buruan darabilgun ideia bati buruz hausnartzeko beta eman digu:  Estatu bateko Konstituzioak abortua oinarrizko eskubide gisa onartzeko aukera. Gai honi heltzeko, oinarrizko eskubideen kontzeptua juridikoki zehaztea komeni da.

Oinarrizko eskubide eta askatasunak edo eskubide konstituzionalak (ñabardurak ñabardura, oro har bi kategoriak parekatu daitezke), Konstituzio batek edo balio paretsuko testu batek onartutako eskubide urraezinak dira, giza duintasunaren eratorpen edo agermodu zuzenak. Historian zehar, hasiera batean, batez ere botere publikoaren ekintzaren aurreko balazta gisa irudikatu izan dira, botere publikoaren gehiegizko eskuhartze batek suposatu lezakeen balizko tiraniari aurre egiteko gizabanakoek dituzten berme minimo gisa, eta beraz botere publikoari iraganezinezko mugak finkatzen zizkioten tresna gisa (lehen belaunaldiko eskubide hauen adibide lirateke, esate baterako, adierazpen edo erlijio askatasunak). Gerora, baina, gutxi asko jabetza eta askatasuna bermatzea beste eginkizunik ez zeukan Estatua Estatu sozial bilakatzen joan den heinean, eskubide positiboak edo prestazionalak (eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak) ere oinarrizko eskubideen kategorian sartu ahal izan dira. Aurrerago, doktrina juridikoa oinarrizko eskubideen hirugarren belaunaldi batez ere mintzatu izan da, zeinak, besteak beste, ingurunearekin lotutako eskubideak barne hartuko lituzkeen.

Estatu Batuetako Bill of Rights, 1791ekoa.

Oinarrizko eskubideek giza eskubideekiko zuzeneko ahaidetasuna dute. Hala, giza eskubideen aitortza egiten duten nazioarteko testuek (hala nola, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak edo Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen Adierazpenak) eta oinarrizko eskubideak zerrendatzen dituzten xedapen konstituzionalek eduki oso antzekoa izan ohi dute. Oinarrizko eskubideak edo eskubide konstituzionalak bereizten dituen ezaugarria, hain zuzen, Konstituzio batean edo izaera paretsuko testu batean aitortuak izatea da, baina biek ala biek justifikazio material eta funtzio berberak dauzkate: gizakiaren duintasuna bermatzeko muga hautsiezinak izatea.

Hala, oinarrizko eskubideak bozkatu ezin dena[1] izango lirateke, hain zuzen: legezko testuek urratu edo inoratu ezin ditzaketen izaera konstituzionaleko eskubideak, botere legegilearen ekintza mugatu eta baldintzatzen duten marrak. Beren funtzio hau gutxiengoaren defentsarekin estu lotuta dago: gehiengo jakin batek, legeak onartzeko nahiko indar izanda ere, ezingo ditu gutxiengoen funtsezko eskubideak urratu, Konstituzioak bermatuta egongo baitira.

Beraz, gatozen harira: bozkatu al daiteke, erreferendum bidez, oinarrizko eskubideen inguruan? Galderari, artikuluaren egileek pausatzen duten gisan, ezezkoa erantzutea besterik ez dago, baina ezinbestekoa da munta handiko zehaztapen juridiko batzuk egitea.

Oinarrizko eskubidetzat jotzen baditu ere, abortuak eta adopzioak, eurek hertsiki, ez dute juridikoki oinarrizko eskubide izaerarik, ez daudelako Konstituzioan (ez Portugalekoan, ez Espainiakoan, ez Frantziakoan, ezta, guk dakigula, mendebaldeko ezein herrialdekoan ere) gisa horretan jasoak. Beraz, afera ez da konstituzionaltasunaren mailan kokatzen, legezkotasun soilarenean baizik, eta hortaz, legegileak haiek eskubide gisa onartzeko edo ez onartzeko askatasuna dauka.

Beste kontu bat da ea legezko arautzeek oinarrizko eskubide bat mugatu edo zehaztu ordez (zeina guztiz zilegi den), hura urratzen duten, bere funtsezko edukiari (Alemaniako eta Espainiako Konstituzioak aipatu) muzin egiten diotelako. Esate baterako, Auzitegi Konstituzionalak (edo legeen konstituzionaltasuna kontrolatzen duen organuak) ebatzi dezake sexu bereko bikoteei adopziorako eskubidea ukatzea berdintasun printzipio konstituzionalaren aurkakoa dela.

Baina zentzu honetan, egia da badagoela haurdunaldia eteteko eskubidea maila konstituzionalera igo zuen aurrekari bat: Roe vs. Wade kasu famatuan AEBetako Auzitegi Gorenak intimitate edo pribazitaterako eskubidetik haurdunaldia eteteko eskubidea eratorri zuen, umekia bideragarria izan arte bederen. Kasu honetan, bai, mutazio konstituzional baten bitartez (hemen erreforma konstituzional ez formal horri buruz mintzatu ginen), abortatzeko oinarrizko eskubide bat jaio zen, han Auzitegi Gorena baita Konstituzioaren interprete gorena eta, beraz, lege nagusiari buruzko bere epaietako interpretazioek maila konstituzional hori bera bereganatzen baitute.

Gaur egun, ordea, Estatu gehienetan haurdunaldia etetea legezko eskubide bat da, ez oinarrizkoa edo konstituzionala. Espainian, adibidez, 2/2010 Lege Organikoak arautzen du haurdunaldiaren etetea. 1985tik zetorren kasuen sistematik epeenera igaro zen lehenengo aldiz. Gaur egun, emakumeek ez dute inolako baldintzarik bete behar haurdunaldia lehen 14 asteetan eteteko. Alderdi Popularrak inkonstituzionaltasun helegitea aurkeztu zuen bere garaian, eta Gobernuak adierazia du jada Lege hori aldatzeko asmoa duela. Frantzian, bestalde, 1975 Veil Legeaz gero haurdunaldiaren eteteak ez dauka baldintzarik lehen 12 asteetan.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat.

Gatozen, baina, sarrera honen bidez plazaratu nahi dugun ideia nagusira: epe ertainean hainbat Estatu berri (Eskozia, Katalunia, Flandria) sortu daitezkeela dirudien honetan, berorien Konstituzioetan abortatzeko eskubidea jasotzeko aukera planteatu ahal izatea muntazko berrikuntza juridikoa litzateke. Aurreratu dugun bezala, Amerikako Estatu Batuen kasua salbuetsita (eta han ere modu berezian, Auzitegi Gorenak eratorri baitzuen pribatutasunerako eskubidetik), inon ez dauka haurdulandia eteteko eskubideak izaera konstituzionala. Hortaz, herrialde horietako zenbait sektore sozialek eragin juridiko sakoneko erronka dute euren aurrean, lurralde horiek Estatu bihurutz gero: abortatzeko eskubidearen errekonozimendu konstituzionala mugimendu feministen eta oro har ezkerraren agendan lehentasunezko helburu bihur liteke (eta bihurtu beharko luke), zeren, orduan bai, ez legoke legerik edo legeren bati buruzko erreferendumik konstituzionalki errekonozitutako emakumeen abortatzeko eskubidea eragotzi edo neurriz gain mugatu ahalko lukeenik.

 

[1] Hamaika aipamenen arteko labur bat aipatzearren: Gustavo Zagrebelsky Italiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiaren Principî e voti.