Twiterren @okerreko ezizena erabiltzen duen Jokin Azpiazu Carballo soziologo eta ekintzailea aditua da LGTB eta feminismo aferetan. Bere hainbat elkarrizketa eta artikulu daude eskuragai sarean, besteak beste Pikararen bidez ezagututako gogoeta hau, non begirada zorrotz eta eraikitzailez aztertzen dituen azken urteetan boladan dabiltzan maskulinitate berriak eta haiek sustatzen diharduten taldeak. Hein handi batean artikulu horrek eragindako inpresio onak bultzatuta jarraitzen ditugu bere Twitter kontuko txioak, eta soilik interes begirunetsu horretatik uler daitezke datozen iruzkinak.

Izan ere, hauxe zioen @okerreko-k, aurreko batean, oinarrizko eskubideei buruz:

OOEE erretorika hutsala?

Lehenik eta behin, esan beharra dago Atutxak esandakoa zentzugabekeria juridiko latz xamarra dela. Ez dakigu Atutxak erreferentzia egiten dien adierazpenak zehatz-mehatz nolakoak ziren, baina argi eta garbi dago arduradun politikoei “kudeaketa txarra leporatzeak” ez duela ezein oinarrizko eskubide urratzen. Izan ere, Konstituzioko 20. artikuluak errekonozitzen duen adierazpen askatasunak luze eta zabal babesten du kritika politiko oro, delitu bat egitea zuzen-zuzenean leporatzera lerratzen ez den bitartean, zeina ez den, dirudienez, kasu honetan gertatzen dena. Auzitegi Konstituzionala maiz mintzatu izan da adierazpen askatasunak gizarte demokratiko batean duen berebiziko garrantziaz, oinarrizko eskubideen artean lehentasunezko posizio batean dagoela esateraino (18. artikuluak aitortutako ohorerako eskubidearekin izan litzazkeen talken kasurako, adibidez).

Itsaso Atutxa, EAJren Bizkai Buru Batzarrek presidentea

Nolanahi ere, Itsaso Atutxaren adierazpenek ez dituzte zuritzen hurrengo bi txioetan esanikoak. Hasteko, gobernuek eta alderdiek “pertsonen oinarrizko eskubideak” izan ditzaketenik sinestezintzat jotzen bada ere, gobernuak administrazio publikoen parte dira (berorien gailur, zehazki), eta hala, pertsonifikazio juridikoa duen entitate juridiko-publiko baten administrazio publiko baten, alegi parte. Alderdi politikoak, orobat, asoziazio edo elkarte mota berezi bat diren heinean, pertsona juridikoak (Espainiako esamoldea) edo pertsona moralak (Frantziakoa) dira ezbairik gabe. Hortaz, pertsona-juridiko publikoen kasua gatazkatsuagoa eta ñarbartu beharrekoa bada ere, biak ala biak dira aplikagarri zaizkien oinarrizko eskubideen titular (ez, noski, bizitzarako eskubidearen titular), Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia sendoaren arabera.

Pertsonifikazio juridikoaren teknika ez da derrigor ezagutu beharrekoa Zuzenbidean ari ez denarentzat, baina hirugarren eta azken txioan adierazitakoan koxka bat estuago estuegi jarraitzen du kontuak: “oinarrizko eskubideen diskurtso antiterrorista” aipatzen da. Tira, lehenik eta behin esan behar dugu post honek ez duela Zuzenbidearen defentsa leial eta ñabardura gabea izateko bokaziorik (aldarrikapen horiek, behar besteko ñabardurez eta zehaztapenez hornituta noski, hobeto adierazita aurki ditzake irakurle interesatuak Calamandrei edo Ihering bezalako erraldoi juridikoengan, Zuzenbideagan fedea-n eta Zuzenbideagatiko borroka-n, hurrenez hurren); aitzitik, bere asmoa da Zuzenbidearen halabeharrezko muga eta ezintasunen oso jakitun izanik, hala eta guztiz ere gizarte demokratiko batean (Zuzenbide Estatu demokratiko batean!) ukaezina eta funtsezkoa den bere funtzioa gogoraraztea.

Izan ere, oinarrizko eskubideak “diskurtso antiterroristaren” makulu huts izatera murriztea beroriek edozein sistema juridiko demokratikotan duten errotiko garrantziaren aurrean itsu izatea da. Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoak, esaterako, Frankismoan eta harrez geroztik ere mugarri izan den bere “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioan, lau ezaugarri jotzen ditu ezinbestekotzat Zuzenbide Estatu baten existentziaren aitortza egiteko: herri borondatean oinarritutako legearen agintea, botere banaketa, Zuzenbidearen menpeko Administrazioa eta oinarrizko eskubideak. Beraz, terrorismoaren aurka aritzeko balio dute oinarrizko eskubideek, noski, zeren eskubide absoluturik ez badago ere, bizitzarako eta askatasunerako eskubideak baitira ziurrenik gainerakoen abiapuntua, baina baita askoz gehiagorako ere.

Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoa, “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioaren egilea

Izan ere, Bigarren Mundu Gerra osteko garaipen juridiko nagusietako bat Konstituzioen (eta bertan zerrendatutako oinarrizko eskubideen) zuzeneko aplikagarritasuna izan da, beren behialako balio programatiko hutsa atzean utziz. Oinarrizko eskubideak edozein ordena juridikoren erdigune eta abiapuntua dira: beren efektua, urraezin duten funtsezko edukitik (Espainiako Konstituzioko 53. artikulua, Alemaniako Konstituzioko 19.a) haratago doa eta sistema juridiko osoa blaitzen du, ordenamendu juridiko osoa haien arabera eta haiekiko errespetuz interpretatu eta aplikatu behar baita, beren funtzionaltasuna eta irispidea maximizatzeko xedea botere publikoen jardunaren gidari delarik.

Oinarrizko eskubideak, zeintzuak ez baitaukate izen hori alferrik, ez dira inolaz ere diskurtso edo erretorika hutsala, aipatu bezain azkar airean desegiten diren kontzeptu etiko lauso eta onkeriazkoak, baizik eta, aitzitik, ororen askatasuna eta duintasuna ahalbidetu eta bermatzeko, efektu eta gorpuzte nabari eta ukigarriak dituzten tresna juridiko-teknikoak.

Hitz bitan, oinarrizko eskubideetan datza lotsagorritu gabe Zuzenbide Estatu demokratiko (beti inperfektu) dei daitekeenaren eta erregimen autokratikoen/totalitarioen/autoritarioen/diktatorialen arteko aldea.

Beste baterako utziko dugu LGTB kolektibokoetako kideekiko oinarrizko eskubideek izan ditzaketen berealdiko efektu positiboen ebokazioa, baina blog honetako beste artikulu batean jada aritu ginen, feminismoan (batez ere azkenaldiko legezko berritasunen karietara) zentrala den abortuaren gaiaren inguruan, abortatzeko edo amatasuna libreki planifikatzeko oinarrizko eskubide bat maila konstituzionalean atiortzeak lekarzkeen inplikazioetaz: hasteko, Konstituzioak halako oinarrizko eskubide bat errekonozituko balu, ezinezkoa litzateke gaur egun Espainiako Gobernua prestatzen ari den abortuari buruzko erregulazio murriztailea legez onartzea.

Froga paregabea oinarrizko eskubideak, eta oro har Zuzenbidea, erretorika hutsala baina askoz gehiago direla konturatzeko.

Advertisements
Iruzkinak
  1. Aupa aupa! Ez dakit oso ondo nola erantzun kontu honi. Agian ez dut zertan erantzun behar. Egia esan, gauza dexente ikasi ditut, diozun bezala zuzenbideaz gutxi dakidalako, eta eskertzen dizkizut argipenak. Ez dut oraindik oso argi norbanakoa eta kolektiboaren artekoa nola artikulatzen den, izan ere, pertsona juridikoen pare alderdiek oinarrizko eskubideak dituztela ulertu dudan arren, ezker abertzaleko alderdien legez kanporatzeen kasuan nola da hori (adibide bat jartzearren)? Alderdiko pertsonek delitua egin (omen) dutelako alderdia bera da legez kanpo geratzen dena, eta beraz ez ditu eskubide propioak, ezta? Bueno, ez dut ondo ulertzen, baina benetan, ez da gaizki azaldu zarenik, gehiago da oso petrala naizela gai hauekin.

    Nire txioetan adierazi nahi nuena hain zuzen ere legearen inguruko erretorika da. Legeakj badu bere kontestua eta ulermen markoa, eta zentzu horretan “erretorika hutsala” ez den arren, ezin esan objektiboki eraikia izan denik ez eta gertakari eta ideia kulturalen unibertsotik kanpo dagoenik. Zentzu horretan, “pertsonen oinarrizko eskubideak” esaten denean, ez gara ari termino neutralaz, are gutxiago Euskal Herrian. Diskurtsiboki, gutxienez bi ideiarekin lotuta dago, gutxienez: alde batetik paradigma ilustratua (azken bi-hiru mendetakoa eta mendebaldarra beraz) eta beste alde batetik urraezina omen den bizitzarako eskubidearekin. Zer esanik ez, “bizitza” zer den eta zer den “bizitzeko eskubidea urratzea” ere eztabaidagarria da, “Hiltzeko era ugari dago” M-ak taldeak Bertold Brecht poetaren letrarekin egindako kantuan ondo azaltzen duen bezala.

    “Bizitzarekiko errespetuaren” ideia hori, EHan, eraikuntza diskurtsibo potentea da, eztabaida gogorren oinarri eta aldi berean botere ezberdinek (eta kontra-botereek) era ezberdinetan erabili dutena. Zentzu horretan, Itsaso Atutxak erabiltzen duenean, deklarazio publikotan, ez da kasualitatea, eta urteetan zehar PNVk (kasu honetan) hitz horiei eman dien esanahia ebokatu nahi du. Horren arabera, eredu ekonomiko liberalaren ondorioak (etxe-kaleratzeak kasu) ez dira pertsonen oinarrizko eskubideen kontra doan zerbait, baina sistema politikoa desestabilizatu nahia (kritikaren bidez adibidez) bai. Kontzeptu horrek atzean duen ideia diskurtsiboa “deitu” nahi du Atutxak, nere ustez. Zergatik eta PNVk urte askotan erabili duen argumentazioa indartzeko: kritika politikoa egiten denean, izan abertzalea edo antikapitalista edo bestelakoa, sistema politikoaren mugak kuestionatzen badira, horrek nahi ta nahiez fanatismora darama, eta horrek terrorismora. Ideia hori erabiltzen da ere, alderdi politikoei batzoki batean egin den pintada bat kondenatzeko (kondena hitzaz beste mila ordu jardun gaitezke) eskatzen zaienean.

    Uste dut Itsaso Atutxak badakiela (kontzienteki) zer esaten duen hori esaten duenean, eta badaki ere populazio gehienak, lege kontutan ni bezain ezjakina denak ziur aski, ez duela ideia hori zuk goian aipatzen dituzun argumentuekin harremantzen, baizik eta Euskal Herrian beldur handia sortzen duen mamu batekin: terrorismoa, garai zaharrak, gatazka, konbibentzia arazoak eta abar. Alegia, bakegintza tranpa bezala bake soziala lortzeko erabiltzen duela.

    Egia da, ordea, kontzeptu horiek berreskuratzea, edo ondo azaltzea zuk egin duzun bezala, interesgarria eta beharrezkoa dela, eta mahai gainean jartzea. Oinarrizko eskubideak “ororen askatasuna eta duintasuna ahalbidetu eta bermatzeko, efektu eta gorpuzte nabari eta ukigarriak dituzten tresna juridiko-teknikoak” direla diozunean, ezinbestekoa da pentsatzea esaldian dagoen kontzeptu bat bera ere ez dagoela eztabaidatik kanpo, eta denek beraz erabilera erretorikoak eta karga diskurtsiboak dituztela: oro nor da? askatasunaren zein ideia dugu mendebaldean eta herrialde bakoitzean? duintasunaz zer diogu guk eta zer diote beste leku batzuetan? Eta hortik aurrera. Hortaz okerra da esatea “erretorika hutsalaz” ari garenik (nik ez nuen halakorik esan) eta okerra ziur aski ere “erretorikatik at” jarduterik daukagunik.

    Milesker berriz esplikazio guztiengatik, benetan, asko ikasi dut eta argitu ditut gauza batzuk (beste batzuk, argi dagoenez, ez).

  2. gibeljale-k dio:

    Lehenik eta behin, mila esker iruzkinagatik. Pozten naiz posta baliagarri gertatu bazaizu (nik ere, bidenabar, ez dut gutxi ikasi zure erantzunarekin), baina, gaizkiulertuak saihesteko, ez zen nire asmoa inori klase magistralik ematea (artikulua berrirakurri ostean hori interpreta zitekeela pentsatu dut).

    Aipatzen duzun ezker abertzalearen kasuan, existitu diren marka guztiak (HB, EH, Batasuna eta abar), alderdi ziren heinean, adierazpen askatasunaren titular ziren, eta baita, noski, bere kideak ere. Gertatzen dena da beren legez kanporatzeak terrorismo delituak egitean argudiatu dituztela epaitegiek, alderdi horiek entiate autonomoak ez, baizik eta ETAren egituran eta estrategiak integratutako tresnak zirela iritziz. Legez kanporatzeekin ados ez zeudenek erabaki horiek adierazpen asktasuna urratzen dutela argudiatu dute, horrek duen larritasunarekin. Beste kasu batzuetan ez bezala (Arnaldo Otegik Espainiako erregearen inguruan egindako adierazpenak, Martxelo Otamendiren tortura salaketen ikerketa eza eta abar), legez kanporatzeen kasuan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak berretsi ditu, ezker abertzaleko kideek bertan errekurritu dituztenean.

    Legearen eta oro har Zuzenbidearen inguruan, ukaezina da oso naïfa dela horiek linbo objektibo moduko batean kokatu nahi izatea, baina disziplina juridikoa bera horren jakitun da: Zuzenbidearen ezarpenean mila faktore nahasten dira, hots, berau indarrean egon dadila eragiteko ahalmena duten botereak ez dira neutroak, eta hamaika baldintzapenen eta interesen indarren pean daude (generozkoak, klase sozialari dagozkionak, arrazazkoak eta abar). Soziologia juridikoa eta Zuzenbidearen filosofia horrelako gaiak aztertzeaz arduratzen dira, baina orobat ukaezina dena da Zuzenbide positiboa deritzonak, indarrean dagoen Zuzenbideak, bere dimentsio propioa duela. Zentzu honetan, postean nioen bezala, ez dago eskubide absoluturik (ezta oinarrizkoetan oinarrizkoena dirudien bizitzarako eskubidea ere), eta abortua eta eutanasia bezalako gaietan, bizitzarako eskubideak maila konstituzionaleko beste eskubide eta balio batzuekin talka egiten duenean, sortzen dira eztabaidak eta interpretazioak (beti ere juridikoak). Horrelako kasuetatik aurrera, metafora moduan “baldintza material hauetan bizitza ez da bizitza”, “hiltzeko era ugari dago” eta halakoak esan badaitezke ere, bizitzarako eskubidea urratzeak esanahi (interpretagarri, aldakor, testuinguru sozialaren, kulturalaren, historikoaren araberako eta abar, noski) juridiko jakin bat dauka.

    Atutxak oinarrizko eskubideak hizpidera ekarriz egiten duen erabileraren inguruan, ados nago posible dela eztabaida ETAk eta inguruak luzaroan eginiko mehatxuetara lerratu nahi izatea. Zuk perspektiba soziologikotik helduta luzexeago aztertu duzu, baina uste dut nik ikuspuntu juridikotik nioena ez duela ezeztatzen: EAJri bere arerio politikoek kudeaketa ekonomiko kaskarra egin duela leporatzeak ez du ezein oinarrizko eskubide urratzen, eta gainera adierazpen horiek lehentasunezko posizio hori duen adierazpen askatasuna babeste ditu. Hortik harata, Atutxak, ezker abertzaleko kideek edo beste edozein politikarik eginiko adierazpenek bakoitzaren iritzi politikoaren araberako kritika edo onespena merezi dute, baina uste dut hori eztabaida honetatik kanpo geratzen dela. Zentzu horretan, bakegintza bere interesen alde erabiltzen duela esatearekin ados nago, baina jokaleku politikoko beste edozein eragilek egiten duen bezala: helburu handinahi eta traszendenteagoak gorabehera, egoera politiko bakoitza bere ideiak eta interesak bultzatzeko baliatu. Borroka politiko zilegiak hain zuzen horretan datzala uste dut.

    Bestetik, aipatzen duzu kakotxa arteko esaldi horretatik ezein kontzeptu ez dagoela eztabaidatik kanpo. Erabat ados nago; kontua da Zuzenbideari dagokionean, eztabaida hori molde juridikoetan eta Zuzenbideak bereak dituen bideetatik egin behar dela (Konstituzioa, legeak, jurispurdentzia, doktrina eta abar). Horrek ez ditu beste eztabaidak (soziologikoak, etikoak, nahi duguna) ukatzen, baina (eta uste dut hau dela adierazi nahi nuenaren muina) Zuzenbidea, beste disziplinak bezala, eremu autonomoa da.

    Beraz, argi dago zure txioak ez zirela (inondik ere) nik uste bezain arinki jarriak, baina, egindako ñabardurak eginda eta posta berrikusita, ez dut uste bertan esandakoa ezerk baliogabetzen duenik. Zuk Zuzenbideaz diozunaren antzera, ni Soziologia kontuetan erabat ezjakina naiz, beraz gaizki esanak barkatu, esaldiak dioen modura 😛 .

    Eztabaida honek zerbait frogatzen badu da, are txiolari arteko maila apal honetan ere, disziplina ezberdinetako ikuspuntuak komunean jarri eta kontrastatzea zein emankorra izan daitekeen.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s