Posts Tagged ‘Fikzioaren izterrak’

Gure Gauzak S.A. trumoitsu harekin euskal literaturaren mundutxoko zutabe ahulak kasik zartatzeraino astindu bazituen, Fikzioaren izterrak honekin Ur Apalategik lehen urratsa egin zuen euskal Parnasotxorako bidean, halakorik existitzen bada behintzat. Zilegi bekigu halako adierazpen kategorikoa (exajerazioruntz propio lerratzen dena) gure iruzkinari hasiera emateko, ezen ipuin liburu hau ez da, inondik ere, beste liburu bat, beste edozein liburu bezalakoa. Narrazio hauek mailako literatura dira, poro guztietatik kaliatea dariena, aldi berean irakurlearen gozamen arrunt edo prosaikoagorako (nolabait esan behar eta…) inolako kalterik ez dakartenak.

Kontrazalaren arabera, “bikotea eta idazletza dira kontakizunotan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak”. Hortik abiatuta, fikzioaren eta errealitate deritzogun horren arteko jolas iradokigarrian murgiltzen dira ipuin batzuk; gaurkotasun ezagunenaren oihartzun zirraragarriak ekartzen dituzte beste batzuk, betiere, esan bezala, literaturaz eta bere munduaz zipriztindutako narrazioan. Estiloa “natural eta malgua” omen, kontrazal horren beraren usteko, baina idazlea gehiago ohoratzen du, gure iritziz, gehienetan gupidagabea dela esateak, gatza kiloka botatzen baitu gizakien eta partikularki bikote harremanen zauri sentiberenetan, irakurleari gogoetarako eta, ez gutxitan, dibertimendu asaldagarrirako parada eskainiz. Begirada garratz eta buruargi hori nagusi izanik, baina, estiloak ez du irrist egiten lurralde hunkiberagoetara lerratzen denean (are, zinez hunkitzen du), zeina ez den lorpen makala.

Labur esanda, kontakizun hauek artefaktu literario apartak dira, askotan istorio amaiera ziniko edota ustekabekoekin, bestetan garapen zaindu eta delikatuekin, irakurleari eskuetan eztanda egiten diotenak, bere dastamenaren gozagarri. Ez gaitu harritzen, hortaz, berrirakurketaren galbahea ere aise gainditzen duten ipuin hauek 2011ko Euskadi Sarietako epaimahikideak liluratu izana [ACHTUNG! SASI-SPOILER MODUKO BAT DATOR ORAIN], nahiz eta ez dakigun horietakoren bat Parisko Pompidoun egongo ote zen saria eman aurreko egunetan…

Apalategiren ale berriaren zain gauden bitartean, berrirakurketaz gain, hortxe ditu irakurle interesatuak komentagai dugun honen mailatik nahiko urrun geratzen den Gure Gauzak S.A. (akaso ekarriko dugu inoiz hizpidera blog honetan), irakurri ez dugun Gauak eta hiriak eta, ausartenentzat, 23 urterekin idatzitako Erdi guneak poemategia, denak ala denak Apalategirenak berarenak. Ikusteke dago, bestalde, Angel Errok gaztelaniaratuta Utriusque Vasconiaek kaleratu duen itzulpenak jatorrizkoak besteko oihartzuna lortzen duen (edo proportzionala, bederen). La otra vida du izenburu.

Baina ez gaitezen desbideratu. Oraindik zalantzaren bat baduzu, brastakoan uxatu: oso litekeena da Fikzioaren izterrak mesanotxean edo eskuartean duzun beste edozer baino hobea izatea; egiozu kosk, ez zaizu damutuko.

Gibeljalea

P.S. Akaso ez da liburuko onena izanen, baina Ergatibu kontakizuna eta berak eskainitako algarak dira gure gogoan luzaroen iraungo dutenak. Zazpi ipuinetatik bakarra aukeratzeko ataka gaiztoan bageunde, horra gure gomendioa.