Posts Tagged ‘Ipuinak’

Izenburua: Hamar. Egilea: Andrej Longo. Jatorrizko hizkuntza: italiera. Irakurketa hizkuntza: euskara. Urtea: 2007. Argitaletxea: Pasazaite.

Aspalditik begiz jota genuen inportazioko liburuak gure eskuetan jartzea hitz ematen digun argitaletxe hau[1]. Gutxinaka zabaltzen doan bere katalogotik nondik hasiko, eta lehenengo alea aukeratu genuen, planteamendu erakargarria zekarren Andrej Longo italiarraren Hamar hauxe: juduen eta kristauen Jainkoak Moisesi helarazitako Hamar Aginduak, XXI. mendeko Napolin girotutako beste hainbeste istorioren atariko.

Baina, aurrera dezagun, Italia hegoaldeko lurrinak (eta, batez ere, kiratsak) etxeraino ekartzea promesten zigun liburu hau dezepzio aitzakiagabe gertatu zaigu. Narrazioak, egunerokotasunean zein baino zein txertatuagoak gehienak (ostiralean diskotekara doan bikotea, senarraren lanordu amaiezinek elkarrekin ezin egonik uzten dituzten senar-emazteak, eta abar), gizakien nahigabe, zorigaizto eta ezbeharren errepaso moduko bat dira, beti ere hiri horretako gaizkile taldeen presentziak eta bortizkeriak kutsatutako giro batean. Kontua da, alabaina, pertsonaiak eta gertaerak hain sinple eta apaingabe marraztu nahiz, egilak muturreregi jotzen duela: hain da dena sinplea, zuzena eta argia, ezen iruditzen baitzaigu xinplekeriaren eta insustantzialtasunaren amildegitik malkartzen dela behin baino gehiagotan. Erabilitako hizkera literarioa ere, gure usteko, bide beretik doa, kazetaritzazkoa da ia, eta ez Truman Capote baten estilo zirraragarrikoa, baizik eta gogo egoera eta sentipenetan arakatzeko ezgauza, gehiegikerian baztergarri diren baina zenbait kasutan eskergarri eta are beharrezko diren irudi eta metaforetan pobrea.

Balirudike (barruan daramagun filologoa atera zaigu!), begirada liburuaren osotasunean pausatuz gero, “kale!” ozen bat entzun daitekeela: egileak, pertsonaia eta gertaera arrunten baina ustez esanguratsu eta sinbolismoz betetakoen bidez, egunerokotik esanahi sakoneko ideietara eraman nahi izan du irakurlea. Ez zen erronka makala, baina gure uste apalean huts egindako saltoa da, inondik ere. Azken batean, giza kondizioaren zirrikituetan sakondu nahi horretan, giza izaera horren zeharkako isla batzuk agerraraztea baino ez da lortzen, denak ere oso azalekoak.

Gainera, salbuespenak salbu (akaso lehenengo eta zazpigarren ipuinak salbatuko genituzke), estiloari zama moduko bat nabari zaio, utzikeriaren eta ezinaren arteko zerbait istorioen hariak ehuntzerakoan: egileak  istorio horiek benetan kontatzeko gogorik ez balu bezala, bilduma osatzeko presatua balitz bezala. Tamalez, indar (falta) moduko horrexek bultzatzen du irakurlea bukaera azkarrera eta, orobat, liburua apalen batean utzi eta betiko ahaztera. Fruitu ederrak ekartzera deitua dirudien argitaletxe baten lehen alea ez balitz, erantsi beharko genuke.

[1] Sautrelan orain gutxi saio bat eskaini zieten Pasazaite, Denonartean, Edo! eta Meetook argitaletxe berriei.

Gure Gauzak S.A. trumoitsu harekin euskal literaturaren mundutxoko zutabe ahulak kasik zartatzeraino astindu bazituen, Fikzioaren izterrak honekin Ur Apalategik lehen urratsa egin zuen euskal Parnasotxorako bidean, halakorik existitzen bada behintzat. Zilegi bekigu halako adierazpen kategorikoa (exajerazioruntz propio lerratzen dena) gure iruzkinari hasiera emateko, ezen ipuin liburu hau ez da, inondik ere, beste liburu bat, beste edozein liburu bezalakoa. Narrazio hauek mailako literatura dira, poro guztietatik kaliatea dariena, aldi berean irakurlearen gozamen arrunt edo prosaikoagorako (nolabait esan behar eta…) inolako kalterik ez dakartenak.

Kontrazalaren arabera, “bikotea eta idazletza dira kontakizunotan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak”. Hortik abiatuta, fikzioaren eta errealitate deritzogun horren arteko jolas iradokigarrian murgiltzen dira ipuin batzuk; gaurkotasun ezagunenaren oihartzun zirraragarriak ekartzen dituzte beste batzuk, betiere, esan bezala, literaturaz eta bere munduaz zipriztindutako narrazioan. Estiloa “natural eta malgua” omen, kontrazal horren beraren usteko, baina idazlea gehiago ohoratzen du, gure iritziz, gehienetan gupidagabea dela esateak, gatza kiloka botatzen baitu gizakien eta partikularki bikote harremanen zauri sentiberenetan, irakurleari gogoetarako eta, ez gutxitan, dibertimendu asaldagarrirako parada eskainiz. Begirada garratz eta buruargi hori nagusi izanik, baina, estiloak ez du irrist egiten lurralde hunkiberagoetara lerratzen denean (are, zinez hunkitzen du), zeina ez den lorpen makala.

Labur esanda, kontakizun hauek artefaktu literario apartak dira, askotan istorio amaiera ziniko edota ustekabekoekin, bestetan garapen zaindu eta delikatuekin, irakurleari eskuetan eztanda egiten diotenak, bere dastamenaren gozagarri. Ez gaitu harritzen, hortaz, berrirakurketaren galbahea ere aise gainditzen duten ipuin hauek 2011ko Euskadi Sarietako epaimahikideak liluratu izana [ACHTUNG! SASI-SPOILER MODUKO BAT DATOR ORAIN], nahiz eta ez dakigun horietakoren bat Parisko Pompidoun egongo ote zen saria eman aurreko egunetan…

Apalategiren ale berriaren zain gauden bitartean, berrirakurketaz gain, hortxe ditu irakurle interesatuak komentagai dugun honen mailatik nahiko urrun geratzen den Gure Gauzak S.A. (akaso ekarriko dugu inoiz hizpidera blog honetan), irakurri ez dugun Gauak eta hiriak eta, ausartenentzat, 23 urterekin idatzitako Erdi guneak poemategia, denak ala denak Apalategirenak berarenak. Ikusteke dago, bestalde, Angel Errok gaztelaniaratuta Utriusque Vasconiaek kaleratu duen itzulpenak jatorrizkoak besteko oihartzuna lortzen duen (edo proportzionala, bederen). La otra vida du izenburu.

Baina ez gaitezen desbideratu. Oraindik zalantzaren bat baduzu, brastakoan uxatu: oso litekeena da Fikzioaren izterrak mesanotxean edo eskuartean duzun beste edozer baino hobea izatea; egiozu kosk, ez zaizu damutuko.

Gibeljalea

P.S. Akaso ez da liburuko onena izanen, baina Ergatibu kontakizuna eta berak eskainitako algarak dira gure gogoan luzaroen iraungo dutenak. Zazpi ipuinetatik bakarra aukeratzeko ataka gaiztoan bageunde, horra gure gomendioa.