Posts Tagged ‘Politika’

Joan den maiatzaren 25eko hauteskunde gaua ez zen azkenaldikoak bezain patxadatsu, aurreikusgarri, aspergarria izan. Batetik, Frantzian, Erresuma Batuan eta beste Estatu batzuetan gorakada nabarmena izan zuten eskuin muturreko alderdi batzuek (FN, UKIP eta abar). Bestetik, Espainian, Pablo Iglesias politologoa buru zuen Podemos zerrendak espiniar sistema politikoaren zutabeak dardararazi zituen: botoen %7,97 eta 54 eserlekutatik 5. EAEn botoen %6,9 eta Nafarroan %9,35 lortu zituen.

Honezkero nahibeste analisi egin dira bere burua alderdi-politiko-soil-baino-gehiagotzat duen alderdi berriaren arrakastari buruz, lortu dituen boto emaileen jatorri eta ezaugarri soziopolitikoei buruz eta bere etorkizuneko erronka eta balizko ildo estrategikoei buruz. Analisi guzti horien artean Nacho Escolarrek zuzendutako eldiario.es egunkari digitalekoak zinez gomendatzekoak dira bere mami eta zorroztasunagatik. Esparru horretan ezer gutxi geratu denez esateke, guk beste perspektiba bat jorratu nahi genuke: Podemosen etorrerak oro har Espainiako eta bereziki Hego Euskal Herriko beste alderdi ezkertiarrentzat pausatu dituen, erronka, kontraesan eta aukerena.

Izan ere, nahiz eta egia izan Podemosen arrakastaren giltzetako bat bere burua ezker-eskuin ardatzean beharrean goikoak-behekook ardatzean kokatzea izan den, ezin uka daiteke, bere maximo-pogramari begirada bat botaz gero, mugimendu (oso) ezkertiarra dela. Estrasburgoko Parlamentuan Europako Ezker Batuaren taldean sartu izanak ere berresten du Podemos argi eta garbi, eta hauteskunde estrategia konkretuak gorabehera, jokaleku politikoaren ezkerraldean kokatu beharreko fenomenoa dela.

Pablo Iglesias Podemoseko zerrendaburua eta Alfredo Pérez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia.

Beraz, uste dugu Podemosen agerpena onuragarria izango dela, bere horretan, usteldura zantzu gero eta nabarmenagoak dituen Espainiako sistema politikoa biziberritzeko eta herritarren partehartze politikorako bitartekoak ugaritu eta egikaritzeko bidean baina, gutxienez Podemosek berak bere indarrez egin dezakeenaren pare, ez bada nabarmenago, kontuan hartzekoa izango da Iglesiasek gidatutako alderdiak ezkerreko beste indarrengan eragin dezaken shockak ekarri ditzakeen fruituak: gure hipotesia da Podemosen arrakasta brastakoak beta eman beharko liekela ezkerreko beste alderdiei (beste kontu bat da aukera hori aprobetxatuko ote duten) zenbait automatismo antzu auzitan jartzeko, inmobilismo alderdikoiak baztertzeko edo ekintza-logika zurrunegiak laxatzeko. Labur, Alemania kristaudemokrataren gidaritzapeko Europan nagusi izaten jarraitzen duen eredu sozioekonomikoaren alternatiba sendo bat eratzen hasteko.

Hala, honako hauek dira, gure iritziz, PSOEri, EH Bilduri eta IUri Podemosen ustekabekoak bat-batekoan mahaigaineratu dizkien erronketako batzuk.

PSOEri dagokionez, eta aurretik ere zalantzarik balego, argi geratu da soziologikoki ezkertiarra den hautesleen pazientziak muga jakin batzuk dituela, eta jada aspaldikoak direla PPri bidea ixteko helburuarekin “boto utilek” PSOEren zakua gizentzen zuten garaiak. Egun, ezkerreko aldierdien aukera sorta ugaritzen doan heinean (hauteskunde hauetan: Izquierda Unida, Podemos, ERC, Herriek Erabaki, Udaberri Europarra eta abar), PSOEk trantsizioaz geroztik bozak joan bozak etorri zentro-ezkerraren eremuan ziurtatuta zeukan hegemonia higatuz doa. Gainera, badirudi Podemosen hautesle asko PSOEren boto emaile ohiak direla, IUrenak baino areago. Ahultze prozesu hori alderdi sozialistak lidergo kontuetan dituen problemen kausa edo ondorio den eztabaidatu daiteke (biak ala biak, seguruenik), baina gauza ziurra da maiatzeko emaitzek auzi hori era inoiz baino gordinagoan azaleratu dutela: Pérez Rubalcabak dimisioa eman zuen eta abian da militanteek idazkari nagusi berria hautatzeko prozesua.

Baina, sozialismo espainiarraren buru berria gorabehera, kontua da ezkerraren fragmentazio edo dibertsifikazio horrek PSOE egoera deserosoago eta nahitaez malguako batean paratuko duela; izan ere, zentro-ezkerreko indar hegemoniko (eta ia bakar) izatetik beste indar batzuekin itun gutxi asko egonkorrak bilatzera pasatu beharko baitu, bere botere guneei eutsi nahi badie bederen (Andaluziako gobernuko koalizioa ari da joera horren aitzindari izaten, eta baita dakartzan halabeharrezko tentsioen erakusle ere). Balizko PSOE-IU-Podemos akordio horietarako, berebiziko garrantzia izango du idazkari nagusi berria nor den jakiteak: ez da zaila sumatzea Izquierda Socialistako Pérez Tapias bat, esaterako, baikorragoa litzatekeela halako mugimenduetarako, Pedro Sánchez bezelako norbait baino.

Euskal Herria Bilduren interesei dagokienez ere Podemosen agerpenak eman dezake zeresanik. Ezker Anitza (IU) EAEn zatiketen ondorioz missing eta Nafarroan ahul xamar izaki, EH Bilduk zeukan Hego Euskal Herrian ezker-ezkerraren monopolioa. Maiatzaren 25az geroztik, baina, ustekabeko lehiakide berria azal dakioke. Izan ere, Podemosen emaitzak erlatiboki Katalunian izan badira ere okerren (termino absolutuetan onak izan arren, noski), hango egoeraren adierazgarri, EAEn Iglesiasen zerrenda Espainiako batez-bestekotik puntu soil batera geratu da (%6,9 vs. %7,97), eta Nafarroan, berriz, batez-besteko horretatik gora (%9,35 vs. %7,97), nahiz eta azken kasu honetan, EAJren emaitza apalak ikusita, susma daitekeen Geroa Baiko hautesle aurrerakoienak izan daitezkeela datu horren erantzule, hein batean behintzat.

Josu Juaristi EH Bilduren europarlamentaria. Europako ezkerraren taldeko kide izango da Estrasburgeko parlamentuan, IU eta Podemoseko kideekin batera.

Kontua da koalizio subiranistari konpetentzia zorrotza egiteko prest datorkeen eragile berri bat jaio dela; izan ere, Podemos lehiakide izango du EH Bilduk bai ardatz sozioekonomikoan, eta ezustekoagoa izan arren, baita ardatz identitario edo territorialean ere, ikusita Podemosek erabakitzeko eskubide delakoari eta Gure Esku Dago bezalako ekimenei eskaini dien sostengua. Maiatzaren 25 emaitzei azaleko begiratua emanez gero, egia da, balirudike Podemosek ezer gutxi kendu diola EH Bilduri, PSOEk galdutakoaren aldean batez ere, baina ezin uka epe ertainera, halabeharrez, esparru soziologiko jakin bateko hautesleei Podemosen eta EH Bilduren arteko hautua egitea egokituko zaiela. Horregatik, fenomenoa gutxietsi beharrean, EH Bilduk aukera du abertzalekeria (eta bide batez, ateraldi ia folklorikoak) baztertu eta gehiengo alternatibo berriak bilatzeko. Hots, diskurtso errepikakorrean trabatuta ez gelditzeko, Beñat Sarasolari twitterren irakurri genion bezala. Izan ere, litekeena da Podemosek bere espazioa egonkortzen badu epe ertainean bi alderdiak aliatu bihurtzera kondenatuta egotea.

Dena dela, baliteke Izquierda Unida izatea Podemosen oldarraren ostean gogoeta sakonena egin behar duena eta, horregatik, analisi objektu izateko mamitsuena. Podemos fenomenoa egonkortzen bada (eta badirudi bere hauteslegoaren ezaugarri gutxi asko homogeneoei erreparatuta bokazio hori duela), IUk bipartidismoaren alternatiba ezkertiar bakarra izateari utziko dio. Zalantzarik ez kostako zaiela halako berria dijeritzea, baina derrigor hausnartu beharko dute Podemosen emaitzak adierazten dienaz: ezkerreko hauteslegoaren parte batek, hein batean behintzat, egungo sistemaren parte gisa (hots, problemaren parte gisa) hautematen dituela, konponbidearen parte bainoago. Zentzu horretan, zenbait ekintza molde (Willy Meyer zerrendaburu hautatzeko modua, edo beste zenbait detaile) auzitan jartzeko aukera du koalizioak, eta halaber, betiereko oposizio ziurtatu bezain erosoa ahaztu eta benetako alternatiba bat plantan nola ezarri pentsatzen hastekoa. Erruzko heldugabetasun horretatik ateratzekoa, esango genuke, Kanti esamoldea lapurtuta. Izan ere, trantsizioaz geroztik zenbakiek halako zerbaitetarako aukera ematen dute: Madrileko Erkidegoan, adibidez, non Podemos hirugarren indarra izan den, Podemosen eta IUren botoak elkartuko lituzkeen SYRYZA estiloko balizko fronte zabal batek botoen %21,79 bilduko lituzke (jo dezagun elkarrekin aurkezteak ez liekeela botorik galduaraziko, zeina oso zalantzazkoa den); alegia, ezkerreko alternatiba zabal batean kide litzatekeen PSOEren %18,94aren gainetik. Horregatik, nahiko zentzuduna deritzogu Alberto Garzón bezelako jendeak Podemosen goraldiaren aurrean hartutako jarrerari: mehatxu gisa edo fagozitatu beharreko indar gisa ikusi beharrean, alderdi berria maila bereko aliatutzat jotzea, akordio zabal eta estrategia bateratuak (hauteskundeetara nahitaez elkarrekin aurkeztea inplikatzen ez dutenak) lantzeko bidean.

IUko Alberto Garzón eta Podemoseko Pablo Iglesias, Espainiako ezkerraren oraingo eta etorkizuneko erreferente dira.

Dena dela, datorren urteko azaroko hauteskunde orokorrei begira, hauteskunde sistema (bai D’Hondt kontaketa sistema eta bai, batez ere, hautesbarruti probintzial txikiak gehiengo izatea Espainian) pizgarri indartsua izango da IU eta Podemos elkarrekin aurkeztu daitezen, behintzat Kongresurako eta Senaturako eserleku gutxi banatzen dituzten eta, beraz, alderdi eta koalizio txikiei proportzionala litzatekeen baina ordezkaritza txikiagoa ematen dieten hautesbarruti txiki eta ertainetan. Baliteke, ostera, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan eta beste hautesbarruti handietan (edo, akaso, hautesbarruti guztietan) aparte aurkeztea hobestea, batez ere Podemosi komeni zaiolako jaio eta gutxira alderdi tradizional baten barruan ez disolbatzea.

Laburtzeko, baina, esan daiteke alderdi morearen etorrerarekin, hainbeste aipatzeaz jada gastatzekotan dauden politikaren eta hauteskunde panoramaren biziberritze, zaharberritze, eraberritze eta antzekoek gauzagarriagoak diruditela. Aipatu gabe egungo establishmentaren okerrena sinbolizatzen dutenak hain urduri ikustea seinale ona baino ezin daitekeela izan, oro har Podemosen jaiotza eta berehalako arrakasta onuragarritzat jo daiteke bere kabuz egin ditzakeen ekarpenengatik, eta orobat (edo batez ere) egungo ordena ekonomikoari alternatiba sendo bat aurkezteko prest leudekeen beste mugimendu politikoei zeharka mesede egin diezaielako, alderdikeria egoistak baztertuta, beren ahaleginak alternatiba sendo, zabal eta plural hori egikaritzera bideratu ditzaten.

Gaur jende anitz hizkuntza gehienetan esanahi hain atzerakoia (definizioetan dena da arbaso, sakrifizio eta heriotz) iradokitzen duen egun hori ospatzen ariko dela profitatuz, aliritzira botatako burutazio batzuk plazaratzeko aprobetxatuko dugu.

Oraindik bere burua ezker iraultzailetzat duen mugimenduak eta bere jatorri hiperkatolikoa atzean utziz laikotze prozesua (ustez) bururatu duen alderdiak ospakizuna kutsu ezin erlijiosoagoko egun honetan mantentzeak ez al du kirrinka egiten?

Ez al legoke guztiz justifikatua egunaren aldaketa, adibidez, euskararen eguna den abenduaren 3ra (gainera, Nafarroako eguna ere hori denez, abertzaletasunari hain komenigarri zaion Nafarroarekiko sentsibilitatea indartzen duelako)? Eta bestalde, azkenekoekin batera eta ez haien ordez, zergatik ez ospatu, Euskal Autonomia Erkidegoan, bertako herritarrek gehiengo zabal-zabalez onartutako Estatutuaren eguna?

Eta aurrekoaren harira, ondorioztatu behar al da balizko euskal errepublika batean lehentasuna lukeela, denok bozkatutako Konstituzioaren egunaren aldean, 1932an arbitrarioki jaiegun nazional bihurtutako Pazko Igandeak, tradizio sakrosantuaren (hitz inondik ere aproposa kasu honetan…) izenean?

Eta paroxismoruntz jarraituz, gure balizko armada txit fierrak azkenaldian Euskal Herri osoko autoen atzealdeak kolonizatu dituen ardi latxa paseora ateratzeko aprobetxatuko luke, Espainian egiten denaren egokitzapen gisa?

Azken batean, denboraren poderioz baino argitu ezingo diren itaunak dira…

PS: eguna sugar abertzalean kontsumitzen pasa nahi ez dutenentzat, proposamen alternatibo bat: Georges Brassensen La mauvaise réputation, (seguruenik gaurko eguna nonbait ospatzen ariko den) Anje Duhalderen bertsioan.

“Festa nazionalean ni gelditzen naiz ohean, / musika militarrari gorroto diot aspaldi…”

 

Duela aste bete luze Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuaren subiranotasun adierazpenaren inguruan kaleratutako epaia ekarri genuen bog honetara. Adela Asúa Batarrita bilbotarra zen ebazpenaren egilea. Bada, gaur elkarrizketa egin diote Berrian. Bertan, Parot doktrinari buruz (badirudi afera horretan Auzitegi Konstituzionalaren gehiengoaren kontrako hainbat boto partikular idatzi zituela, gerora Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian kaleratutako epaiaren ildoa aurreratzen-edo zutenak), EPPK-ko presoen balizko gerturatzeari buruz eta aipatutako subiranotasun adierazpenari buruz mintzo da.

Adela Asúa Batarrita

Elkarrizketa interesgarria da: gutxi gorabehera Kataluniako Gobernuaren argudioekin ziztatzen duen kazetariaren galderen aurrean, berak idatzitako epaian antzeman uste genuen elkarrizketarako eta akordioetarako deia errepikatzen du, zehaztasun eta dotoretasun juridikoz. Hortaz, berriro ere, nabarmentzekoa da Espainiako Gobernuaren jarrerarekiko kontrastea. Espainiako epailetzaren maila gorenenetako kideak konturatuko balira bezala Rajoyren ezer egin gabe itxarotearen estrategia okerra izan daitekeela eta, Masen gobernuaren proiektuaren inkonstituzionaltasuna gorabehera, okerra dela orobat jarrera hertsiki legalista bat hartuz azpiko problema politikoari ezikusiarena egitea.

Ez ote dute bada Kataluniako subiranistek, subiranotasun adierazpenaren zati bat baliogabetzen duen epaian hain zuzen, helduleku bat izango…

Atzo argitaratu zen Kataluniako Parlamentuak iazko urtarrilean onartutako subiranotasun adierazpenaren puntu bat baliogabetu duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia. Aho batez, organu honek adierazpenaren zati funtsezkoena baliogabetu du, halaxe dioen lehenengo puntua:

“Subiranotasuna. Subjektu politiko eta juridiko subirano izateko zilegitasun demokratikoa du Kataluniako herriak.”

Bestetik, xedapen aurkaratuak Konstituzioaren arabera interpretatzeko duen ahalmenaz baliatuz, “Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubideari” eginiko erreferentziak, epaiko oinarri juridikoen arabera interpretatuz gero, Konstituzioaren kontrakoak ez direla ebatzi du. Ondorio honetara iristeko, auzitegia adierazpenaren zazpigarren puntuan aldarrikatutako “legezkotasun printzipioan” oinarritu da, “erabakitzeko eskubideari” eginiko erreferentziak Konstituzioa eta oro har ordena juridikoa erreformatzeko prozeduren bidez bideratu daitezkeela ulertuz.

Horiexek ziren Espainiako Gobernuak subiranotasun adierazpenetik aurkaratutako (auzitan jarritako) parte nagusiak eta, espero zitekeen bezala, lehenego eta garrantzitsuenean Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio, berau baliogabetuz, batez ere Konstituzioaren 1.2 (“Nazioaren subiranotasuna Espainiako herrian datza, eta hortik sortzen dira Estatuaren botereak”) eta 2 (“Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da, hura baita espainiar guztien aberri komun eta banaezina; Konstituzioak aitortu eta bermatu egiten du Espainia osatzen duten eskualde eta nazionalitateen autonomia eskubidea, bai eta horien guztien arteko elkartasuna ere”) artikuluetan oinarrituta.

Adela Asúa Batarrita bilbotarrak idatzitako epai laburrean, gure ustez, gaia inguratzen duen tentsio eta ika-mika politikoetan baretasun moduko bat jartzeko nahia antzeman daiteke. Hala interpretatu daitezke bai adierazpenean dialogoari eta eztabaida politikoari egiten zaizkion erreferentzien balioestea, bai hitzez hitz esatea Kataluniako Parlamentuaren erreforma konstituzionalerako proposamen bat Espainiako Gorteek behintzat aintzat hartu beharko lukeela, eta baita erabakia aho batez hartzeko ahalegina, auzitegiko kideen artean epaia oinarritzeko argudio juridiko kontrajarriak omen zeudenean. Menturatu gaitezke esatera azken honen bitartez Auzitegi Konstituzionala saiatu dela, Kataluniako Parlamentuaren apostu subiranistaren aurrean, irmotasun konstituzionaleko jarrera batez gainera, Madrilgo eta Bartzelonako Gobernuen arteko elkarrizketa sustatu nahi izan duela, Kataluniako Parlamentuaren adierazpena termino gogorragoetan baztertzea eta baliogabetzea baztertuz.

Auzitegi Konstituzionalaren balizko azken asmo hau gorabehera, kontua da, batetik, Kataluniako Gobernuak (eta zer esanik

ez ERCk eta CUPek) jada adierazi duela ez diotela baliorik ematen ebazpenari (eta azken hau ez da munta txikiko kontua, prozesuaren atzera bueltarik gabeko bidean sakontzen baitu), eta azaroan galdeketa egiteko prozesuak abian jarraitzen duela. Bestetik, ez dirudi Espainiako Gobernuak bere Rajoy-style inmobilismotik mugitzeko asmorik duenik, jendaurrean behintzat. Hortaz, ondorioztatu daiteke atzo kaleratutako epaiak, ikuspuntu juridikotik gertaera inondik ere azpimarragarria izanik ere, ez duela epe laburrean Kataluniako gertaera politikoen norabidea nabarmen aldatuko, nahiz eta ezin baztertu daitekeen abian dagoen tentsio gorakadan pauso garrantzitsua izatea.