Posts Tagged ‘Katalunia’

Duela hilabete pasatxo, Pikara atari gomendagarrian “Oinarrizko eskubideei buruzko erreferendumak: demokrazia ala manipulazioa?” izeneko sarrera mamitsu bat argitaratu zuten J. Marcos eta María Ángeles Fernándezek. Sexu bereko bikoteen adopzioak ahalbidetuko lituzkeen legeak Portugalen izan duen bilakaera aztertzen du, itaun nagusi bat paratuz: posible al da oinarrizko eskubideei buruzko erreferendumik? Edo, sinpleago: oinarrizko eskubideen inguruan bozkatu al daiteke?

Artikuluak, bere muinetik zertxobait urrunduta, aspaldian buruan darabilgun ideia bati buruz hausnartzeko beta eman digu:  Estatu bateko Konstituzioak abortua oinarrizko eskubide gisa onartzeko aukera. Gai honi heltzeko, oinarrizko eskubideen kontzeptua juridikoki zehaztea komeni da.

Oinarrizko eskubide eta askatasunak edo eskubide konstituzionalak (ñabardurak ñabardura, oro har bi kategoriak parekatu daitezke), Konstituzio batek edo balio paretsuko testu batek onartutako eskubide urraezinak dira, giza duintasunaren eratorpen edo agermodu zuzenak. Historian zehar, hasiera batean, batez ere botere publikoaren ekintzaren aurreko balazta gisa irudikatu izan dira, botere publikoaren gehiegizko eskuhartze batek suposatu lezakeen balizko tiraniari aurre egiteko gizabanakoek dituzten berme minimo gisa, eta beraz botere publikoari iraganezinezko mugak finkatzen zizkioten tresna gisa (lehen belaunaldiko eskubide hauen adibide lirateke, esate baterako, adierazpen edo erlijio askatasunak). Gerora, baina, gutxi asko jabetza eta askatasuna bermatzea beste eginkizunik ez zeukan Estatua Estatu sozial bilakatzen joan den heinean, eskubide positiboak edo prestazionalak (eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak) ere oinarrizko eskubideen kategorian sartu ahal izan dira. Aurrerago, doktrina juridikoa oinarrizko eskubideen hirugarren belaunaldi batez ere mintzatu izan da, zeinak, besteak beste, ingurunearekin lotutako eskubideak barne hartuko lituzkeen.

Estatu Batuetako Bill of Rights, 1791ekoa.

Oinarrizko eskubideek giza eskubideekiko zuzeneko ahaidetasuna dute. Hala, giza eskubideen aitortza egiten duten nazioarteko testuek (hala nola, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak edo Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen Adierazpenak) eta oinarrizko eskubideak zerrendatzen dituzten xedapen konstituzionalek eduki oso antzekoa izan ohi dute. Oinarrizko eskubideak edo eskubide konstituzionalak bereizten dituen ezaugarria, hain zuzen, Konstituzio batean edo izaera paretsuko testu batean aitortuak izatea da, baina biek ala biek justifikazio material eta funtzio berberak dauzkate: gizakiaren duintasuna bermatzeko muga hautsiezinak izatea.

Hala, oinarrizko eskubideak bozkatu ezin dena[1] izango lirateke, hain zuzen: legezko testuek urratu edo inoratu ezin ditzaketen izaera konstituzionaleko eskubideak, botere legegilearen ekintza mugatu eta baldintzatzen duten marrak. Beren funtzio hau gutxiengoaren defentsarekin estu lotuta dago: gehiengo jakin batek, legeak onartzeko nahiko indar izanda ere, ezingo ditu gutxiengoen funtsezko eskubideak urratu, Konstituzioak bermatuta egongo baitira.

Beraz, gatozen harira: bozkatu al daiteke, erreferendum bidez, oinarrizko eskubideen inguruan? Galderari, artikuluaren egileek pausatzen duten gisan, ezezkoa erantzutea besterik ez dago, baina ezinbestekoa da munta handiko zehaztapen juridiko batzuk egitea.

Oinarrizko eskubidetzat jotzen baditu ere, abortuak eta adopzioak, eurek hertsiki, ez dute juridikoki oinarrizko eskubide izaerarik, ez daudelako Konstituzioan (ez Portugalekoan, ez Espainiakoan, ez Frantziakoan, ezta, guk dakigula, mendebaldeko ezein herrialdekoan ere) gisa horretan jasoak. Beraz, afera ez da konstituzionaltasunaren mailan kokatzen, legezkotasun soilarenean baizik, eta hortaz, legegileak haiek eskubide gisa onartzeko edo ez onartzeko askatasuna dauka.

Beste kontu bat da ea legezko arautzeek oinarrizko eskubide bat mugatu edo zehaztu ordez (zeina guztiz zilegi den), hura urratzen duten, bere funtsezko edukiari (Alemaniako eta Espainiako Konstituzioak aipatu) muzin egiten diotelako. Esate baterako, Auzitegi Konstituzionalak (edo legeen konstituzionaltasuna kontrolatzen duen organuak) ebatzi dezake sexu bereko bikoteei adopziorako eskubidea ukatzea berdintasun printzipio konstituzionalaren aurkakoa dela.

Baina zentzu honetan, egia da badagoela haurdunaldia eteteko eskubidea maila konstituzionalera igo zuen aurrekari bat: Roe vs. Wade kasu famatuan AEBetako Auzitegi Gorenak intimitate edo pribazitaterako eskubidetik haurdunaldia eteteko eskubidea eratorri zuen, umekia bideragarria izan arte bederen. Kasu honetan, bai, mutazio konstituzional baten bitartez (hemen erreforma konstituzional ez formal horri buruz mintzatu ginen), abortatzeko oinarrizko eskubide bat jaio zen, han Auzitegi Gorena baita Konstituzioaren interprete gorena eta, beraz, lege nagusiari buruzko bere epaietako interpretazioek maila konstituzional hori bera bereganatzen baitute.

Gaur egun, ordea, Estatu gehienetan haurdunaldia etetea legezko eskubide bat da, ez oinarrizkoa edo konstituzionala. Espainian, adibidez, 2/2010 Lege Organikoak arautzen du haurdunaldiaren etetea. 1985tik zetorren kasuen sistematik epeenera igaro zen lehenengo aldiz. Gaur egun, emakumeek ez dute inolako baldintzarik bete behar haurdunaldia lehen 14 asteetan eteteko. Alderdi Popularrak inkonstituzionaltasun helegitea aurkeztu zuen bere garaian, eta Gobernuak adierazia du jada Lege hori aldatzeko asmoa duela. Frantzian, bestalde, 1975 Veil Legeaz gero haurdunaldiaren eteteak ez dauka baldintzarik lehen 12 asteetan.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat.

Gatozen, baina, sarrera honen bidez plazaratu nahi dugun ideia nagusira: epe ertainean hainbat Estatu berri (Eskozia, Katalunia, Flandria) sortu daitezkeela dirudien honetan, berorien Konstituzioetan abortatzeko eskubidea jasotzeko aukera planteatu ahal izatea muntazko berrikuntza juridikoa litzateke. Aurreratu dugun bezala, Amerikako Estatu Batuen kasua salbuetsita (eta han ere modu berezian, Auzitegi Gorenak eratorri baitzuen pribatutasunerako eskubidetik), inon ez dauka haurdulandia eteteko eskubideak izaera konstituzionala. Hortaz, herrialde horietako zenbait sektore sozialek eragin juridiko sakoneko erronka dute euren aurrean, lurralde horiek Estatu bihurutz gero: abortatzeko eskubidearen errekonozimendu konstituzionala mugimendu feministen eta oro har ezkerraren agendan lehentasunezko helburu bihur liteke (eta bihurtu beharko luke), zeren, orduan bai, ez legoke legerik edo legeren bati buruzko erreferendumik konstituzionalki errekonozitutako emakumeen abortatzeko eskubidea eragotzi edo neurriz gain mugatu ahalko lukeenik.

 

[1] Hamaika aipamenen arteko labur bat aipatzearren: Gustavo Zagrebelsky Italiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiaren Principî e voti.

 

Duela aste bete luze Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuaren subiranotasun adierazpenaren inguruan kaleratutako epaia ekarri genuen bog honetara. Adela Asúa Batarrita bilbotarra zen ebazpenaren egilea. Bada, gaur elkarrizketa egin diote Berrian. Bertan, Parot doktrinari buruz (badirudi afera horretan Auzitegi Konstituzionalaren gehiengoaren kontrako hainbat boto partikular idatzi zituela, gerora Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian kaleratutako epaiaren ildoa aurreratzen-edo zutenak), EPPK-ko presoen balizko gerturatzeari buruz eta aipatutako subiranotasun adierazpenari buruz mintzo da.

Adela Asúa Batarrita

Elkarrizketa interesgarria da: gutxi gorabehera Kataluniako Gobernuaren argudioekin ziztatzen duen kazetariaren galderen aurrean, berak idatzitako epaian antzeman uste genuen elkarrizketarako eta akordioetarako deia errepikatzen du, zehaztasun eta dotoretasun juridikoz. Hortaz, berriro ere, nabarmentzekoa da Espainiako Gobernuaren jarrerarekiko kontrastea. Espainiako epailetzaren maila gorenenetako kideak konturatuko balira bezala Rajoyren ezer egin gabe itxarotearen estrategia okerra izan daitekeela eta, Masen gobernuaren proiektuaren inkonstituzionaltasuna gorabehera, okerra dela orobat jarrera hertsiki legalista bat hartuz azpiko problema politikoari ezikusiarena egitea.

Ez ote dute bada Kataluniako subiranistek, subiranotasun adierazpenaren zati bat baliogabetzen duen epaian hain zuzen, helduleku bat izango…

Atzo argitaratu zen Kataluniako Parlamentuak iazko urtarrilean onartutako subiranotasun adierazpenaren puntu bat baliogabetu duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia. Aho batez, organu honek adierazpenaren zati funtsezkoena baliogabetu du, halaxe dioen lehenengo puntua:

“Subiranotasuna. Subjektu politiko eta juridiko subirano izateko zilegitasun demokratikoa du Kataluniako herriak.”

Bestetik, xedapen aurkaratuak Konstituzioaren arabera interpretatzeko duen ahalmenaz baliatuz, “Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubideari” eginiko erreferentziak, epaiko oinarri juridikoen arabera interpretatuz gero, Konstituzioaren kontrakoak ez direla ebatzi du. Ondorio honetara iristeko, auzitegia adierazpenaren zazpigarren puntuan aldarrikatutako “legezkotasun printzipioan” oinarritu da, “erabakitzeko eskubideari” eginiko erreferentziak Konstituzioa eta oro har ordena juridikoa erreformatzeko prozeduren bidez bideratu daitezkeela ulertuz.

Horiexek ziren Espainiako Gobernuak subiranotasun adierazpenetik aurkaratutako (auzitan jarritako) parte nagusiak eta, espero zitekeen bezala, lehenego eta garrantzitsuenean Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio, berau baliogabetuz, batez ere Konstituzioaren 1.2 (“Nazioaren subiranotasuna Espainiako herrian datza, eta hortik sortzen dira Estatuaren botereak”) eta 2 (“Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da, hura baita espainiar guztien aberri komun eta banaezina; Konstituzioak aitortu eta bermatu egiten du Espainia osatzen duten eskualde eta nazionalitateen autonomia eskubidea, bai eta horien guztien arteko elkartasuna ere”) artikuluetan oinarrituta.

Adela Asúa Batarrita bilbotarrak idatzitako epai laburrean, gure ustez, gaia inguratzen duen tentsio eta ika-mika politikoetan baretasun moduko bat jartzeko nahia antzeman daiteke. Hala interpretatu daitezke bai adierazpenean dialogoari eta eztabaida politikoari egiten zaizkion erreferentzien balioestea, bai hitzez hitz esatea Kataluniako Parlamentuaren erreforma konstituzionalerako proposamen bat Espainiako Gorteek behintzat aintzat hartu beharko lukeela, eta baita erabakia aho batez hartzeko ahalegina, auzitegiko kideen artean epaia oinarritzeko argudio juridiko kontrajarriak omen zeudenean. Menturatu gaitezke esatera azken honen bitartez Auzitegi Konstituzionala saiatu dela, Kataluniako Parlamentuaren apostu subiranistaren aurrean, irmotasun konstituzionaleko jarrera batez gainera, Madrilgo eta Bartzelonako Gobernuen arteko elkarrizketa sustatu nahi izan duela, Kataluniako Parlamentuaren adierazpena termino gogorragoetan baztertzea eta baliogabetzea baztertuz.

Auzitegi Konstituzionalaren balizko azken asmo hau gorabehera, kontua da, batetik, Kataluniako Gobernuak (eta zer esanik

ez ERCk eta CUPek) jada adierazi duela ez diotela baliorik ematen ebazpenari (eta azken hau ez da munta txikiko kontua, prozesuaren atzera bueltarik gabeko bidean sakontzen baitu), eta azaroan galdeketa egiteko prozesuak abian jarraitzen duela. Bestetik, ez dirudi Espainiako Gobernuak bere Rajoy-style inmobilismotik mugitzeko asmorik duenik, jendaurrean behintzat. Hortaz, ondorioztatu daiteke atzo kaleratutako epaiak, ikuspuntu juridikotik gertaera inondik ere azpimarragarria izanik ere, ez duela epe laburrean Kataluniako gertaera politikoen norabidea nabarmen aldatuko, nahiz eta ezin baztertu daitekeen abian dagoen tentsio gorakadan pauso garrantzitsua izatea.