Posts Tagged ‘Nobelak’

Izenburua: A tale of two cities. Egilea: Charles Dickens. Jatorrizko hizkuntza: ingelesa. Argitalpen urtea: 1859. Argitaletxea: Penguin books.

“It was the best of times, it was the worst of times, it was the age of wisdom, it was the age of foolishness, it was the epoch of belief, it was the epoch of incredulity, it was the season of Light, it was the season of Darkness, it was the spring of hope, it was the winter of despair, we had everything before us, we had nothing before us, we were all going direct to heaven, we were all going direct the other way – in short, the period was so far like the present period, that some of its noisiest authorities insisted on it being received, for good or for evil, in the superlative degree of comparison only.”[1]

Esaldi jada mitiko honekin hasten da apal galduren batean hautsa kiloka ekoizten egon ostean salbatu dugun A tale of two cities (Bi hiriren istorioa). Kontrazalaren arabera, Charles Dickensen eleberririk ezagunena, The Pickwick Papersen atzetik. Klasiko bat. Horrek dakartzan muga eta baldintzapen madarikatuekin berezitasunekin kritikatxo moduko bat egiten saiatzerakoan. Izan ere, klasiko baten ohiko kritika laudorio berdinen segida betibera izan ohi da. Bada, ez. Sakrilegio txiki bat egingo dugu: liburuak gu nahiko epel utzi gaitu. Egia da, hasteko, fikziozko lan bat %100era kontrolatzen ez den hizkuntza batean irakurtzeak badituela bere zailtasunak, eta gu ere zertxobait trabatuta ibili garela liburuaren lehenengo parteko hamaika adjetiboen jario zorabiagarrian (eta hori, noski irakurlearen eskasa da, ez obrarena). Baina kontua da liburuaren lehen erdia edo irakurtzeko gogorxea egin zaigula eta, erdialdetik aurrera eta batez ere hirugarren eta azken zatian erritmoan eta zirraran dexente egiten badu ere gora, gutxi gorabehera aurretik nahiko lauso eta marrazgabe geratzen ziren pertsonaiak gorpuzten eta osotzen hastearekin batera (aitor dugu Manette doktorea dugula liburuko kuttunena), orotara esan dezakegu osotasun sentsazio hori ez diogula atzeman nobelari. Zentzu horretan, garai eta korronte bertsuko Madame Bovaryrekin erkatuz gero, adibidez, zalantzarik gabe azken hau hobetsiko genuke, nahiz eta konparazioen kontua beti zaila izan. Antza denez, Oprah Winfreyk Dickensen lanik kaskarrenen artean kokatzen du A tale of two cities. Dickensiarregia ez ote den aipatzen du, egilearen bizitza pertsonalak nobelaren idazketa zenbateraino baldintzatu zuen itaundu bitartean.

Edonola ere, irakurketa amaitu eta hurrengo egunetan sentsazio arraroa izan dugu: esan bezala nobelak liluratu ez bagaitu ere, badirudi bertako zenbait istorio eta gai behin eta berriro irakurlearen gogora bueltatzen tematzen direla. Nobelak gugan uste baino eragin handiagoa izan duelako froga ote? Uste baino gehiago gustatu zaigulako seinale ote? Ez al genuen oroimeneko tiradera ilunen batean lehenago gordeko Dickens mendebaldeko kanoneko handi eta sonatuarena beharrean, Afrikako emakume idazle ezezagun batena balitz? Hots, klasiko bat ez balitz?

Ezin jakin: horra klasiko bat irakurtzearen ajeak.

 

[1] “Garairik onena zen, garairik okerrena zen, jakinduriaren aroa zen, ergelkeriaren aroa zen, sinesmenaren aldia zen, sinesgabetasunaren aldia zen, Argiaren sasoia zen, Iluntasunaren sasoia zen, itxaropenaren udaberria zen, etsipenaren negua zen, dena genuen gure aurretik, ez genuen ezer gure aurretik, denok zerura gindoazen, denok kontrako norabidean zuzen-zuzen gindoazen – labur, denbora hura hain zen egungoa bezalakoa, ezen bere autoritate zaratatsuenak tematu egiten baitziren, onerako edo gaitzerako, soilik konparazioaren maila superlatiboan aintzat hartua izan zedin.”

Orain dela hilabete edo, otsailaren 23an zehazki, Beñat Sarasola erreferentziazko eusnobak txio bidez adierazten zigun zein gogaikarri zitzaizkion irakurtzen ari zen liburu bateko itzultzailearen oharrak, beren neurriz kanpoko kopuruagatik. Printzipio orokor bat formulatzera ere ausartu zen, oso kategorikoa bera, Twitter-reko umore giro erosoan: “Hau guztia, esateko (N. del traductor)-en erabateko kontrakoa naizela, salbu eta ez jartzeak irakurlearen heriotza inminentea ekarriko balu”. Tira, ados egoteko modukoa, ohar horiek zentzuzko kopuru batetik harago jotzen dutenean behintzat.

Baina, Durangoko uztako azken alea genuen Werther gaztearen arrangurak irakurtzen ari ginela, hara non topatzen dugun Goetheren nobelatxoak, bere txikian, inoiz ikusi dugun ohar kopururik handienetakoa dakarrela: 198 ohar, 176 orrialdetarako. Ezin saihestuzkoa aipaturiko txioez oroitzea, Sarasola bera baita liburuarentzako sarreratxo historiko lanak egiten dituen testuaren egilea. Kontua bitxia da, baina, zeren oharren egilea, Copyright eta guzti, ez baita ez Matías Múgica itzultzailea[1] ezta Sarasola bera ere, Sergio Gonzalez Arias baizik. Eta ez dakigu Sarasolak zer liburu zuen eskuartean, ezta zenbateraino ziren gogaikarri oinean zekartzan itzultzailearen oharrak, baina tronpatzeko beldurrik gabe esan dezakegu Wertherren kasuan, akaso, ohar kopuruarekin pittintxo bat pasatu direla. Uler bekigu: nahiko dexente pasatu dira.

Denetarikoak ditugu oharrak, baina denak lotzen dituen haria halako adeitasun edo goxotasun moduko bat da, zorrotz jarriko bagina irakurlearekiko gurasokeria gisa ere interpretatu ahalko litzatekeena. Izan ere, oharren gehiengo zabala osatzen duten sinonimo eta izaera linguistikoko azalpenak onargarriak izan litezke, akaso (nahiz eta, hasiera batean, suposa dezakegun inor ez dela Wertherrengana hizkuntza ikasteko hurbiltzen), irakurlea beste garai bat gaur egunera ekarri nahi duen hizkerara egokitu ahal izateko makulu gisa funtzionatzen duten heinean. Alabaina, badira beste batzuk irakurlea urduri edo, are, bere onetik kanpo paratzeko propio pentsatuta daudela diruditenak: protagonistaren egoera emozionalaren analisitxoak egitera menturatzen direnak, narrazio gertaerak aurreratzera-edo jolastu nahi dutenak, eta abar. Azken hauek dira, gure irudiko, baztergarrienak, are gehiago kontuan hartuta Goetheren beraren oharrekin tartekatzera behartuta daudela, orotara efektu arraro samarra sortuz.

Labur: ez genuke Werther gaztearen arrangurak irakurtzean tarteka erabilgarri gertatu zaizkigun oin oharren gaitzespen orokor bat egin nahi, baina ukaezina iruditzen zaigu eremu linguistikotik harata jotzen dutenean nabarmenkeria direla eta, are sinonimoak-eta direnean ere, berauen kopurua gehiegizkoa dela.

PS: post honen xedea ez da Wertherren kritika egitea, baina ezin aipagabe utzi mendez mende gorde duen sona ondo merezia duela. Nekez lortuko du irakurleak, beste garai batean bizitzearen baldintzapenak gaindituta, gazte gizajoaren sentimendu eta emozio parrastadan gogotsu ez murgiltzea. Asko gozatuagatik, nolanahi ere, ez gaitu Wertherren gaitzak jo eta, ondo bidean, laster izango gara blog honetara hurrengo artikulua ekartzeko prest.

PS [2]: beste txiolariren bat ere antzeko aferarekin bueltaka dabilela dirudi.


[1] Oker ez bagaude, Santi Leoné zen, 31 eskutik blogeko bere noizbehinkako ekarpenetan, zenbait irakurketa itzultzailearen arabera hautatzen zituela zioena. Matías Múgicarekin halakorik egiteko tentaldia ez da makala: ez ginduke harrituko Werther datorren urteko Euskadi Sarietako itzulpen sailerako hautagai sendoenetakoa izatea.