Posts Tagged ‘Pikara’

Twiterren @okerreko ezizena erabiltzen duen Jokin Azpiazu Carballo soziologo eta ekintzailea aditua da LGTB eta feminismo aferetan. Bere hainbat elkarrizketa eta artikulu daude eskuragai sarean, besteak beste Pikararen bidez ezagututako gogoeta hau, non begirada zorrotz eta eraikitzailez aztertzen dituen azken urteetan boladan dabiltzan maskulinitate berriak eta haiek sustatzen diharduten taldeak. Hein handi batean artikulu horrek eragindako inpresio onak bultzatuta jarraitzen ditugu bere Twitter kontuko txioak, eta soilik interes begirunetsu horretatik uler daitezke datozen iruzkinak.

Izan ere, hauxe zioen @okerreko-k, aurreko batean, oinarrizko eskubideei buruz:

OOEE erretorika hutsala?

Lehenik eta behin, esan beharra dago Atutxak esandakoa zentzugabekeria juridiko latz xamarra dela. Ez dakigu Atutxak erreferentzia egiten dien adierazpenak zehatz-mehatz nolakoak ziren, baina argi eta garbi dago arduradun politikoei “kudeaketa txarra leporatzeak” ez duela ezein oinarrizko eskubide urratzen. Izan ere, Konstituzioko 20. artikuluak errekonozitzen duen adierazpen askatasunak luze eta zabal babesten du kritika politiko oro, delitu bat egitea zuzen-zuzenean leporatzera lerratzen ez den bitartean, zeina ez den, dirudienez, kasu honetan gertatzen dena. Auzitegi Konstituzionala maiz mintzatu izan da adierazpen askatasunak gizarte demokratiko batean duen berebiziko garrantziaz, oinarrizko eskubideen artean lehentasunezko posizio batean dagoela esateraino (18. artikuluak aitortutako ohorerako eskubidearekin izan litzazkeen talken kasurako, adibidez).

Itsaso Atutxa, EAJren Bizkai Buru Batzarrek presidentea

Nolanahi ere, Itsaso Atutxaren adierazpenek ez dituzte zuritzen hurrengo bi txioetan esanikoak. Hasteko, gobernuek eta alderdiek “pertsonen oinarrizko eskubideak” izan ditzaketenik sinestezintzat jotzen bada ere, gobernuak administrazio publikoen parte dira (berorien gailur, zehazki), eta hala, pertsonifikazio juridikoa duen entitate juridiko-publiko baten administrazio publiko baten, alegi parte. Alderdi politikoak, orobat, asoziazio edo elkarte mota berezi bat diren heinean, pertsona juridikoak (Espainiako esamoldea) edo pertsona moralak (Frantziakoa) dira ezbairik gabe. Hortaz, pertsona-juridiko publikoen kasua gatazkatsuagoa eta ñarbartu beharrekoa bada ere, biak ala biak dira aplikagarri zaizkien oinarrizko eskubideen titular (ez, noski, bizitzarako eskubidearen titular), Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia sendoaren arabera.

Pertsonifikazio juridikoaren teknika ez da derrigor ezagutu beharrekoa Zuzenbidean ari ez denarentzat, baina hirugarren eta azken txioan adierazitakoan koxka bat estuago estuegi jarraitzen du kontuak: “oinarrizko eskubideen diskurtso antiterrorista” aipatzen da. Tira, lehenik eta behin esan behar dugu post honek ez duela Zuzenbidearen defentsa leial eta ñabardura gabea izateko bokaziorik (aldarrikapen horiek, behar besteko ñabardurez eta zehaztapenez hornituta noski, hobeto adierazita aurki ditzake irakurle interesatuak Calamandrei edo Ihering bezalako erraldoi juridikoengan, Zuzenbideagan fedea-n eta Zuzenbideagatiko borroka-n, hurrenez hurren); aitzitik, bere asmoa da Zuzenbidearen halabeharrezko muga eta ezintasunen oso jakitun izanik, hala eta guztiz ere gizarte demokratiko batean (Zuzenbide Estatu demokratiko batean!) ukaezina eta funtsezkoa den bere funtzioa gogoraraztea.

Izan ere, oinarrizko eskubideak “diskurtso antiterroristaren” makulu huts izatera murriztea beroriek edozein sistema juridiko demokratikotan duten errotiko garrantziaren aurrean itsu izatea da. Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoak, esaterako, Frankismoan eta harrez geroztik ere mugarri izan den bere “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioan, lau ezaugarri jotzen ditu ezinbestekotzat Zuzenbide Estatu baten existentziaren aitortza egiteko: herri borondatean oinarritutako legearen agintea, botere banaketa, Zuzenbidearen menpeko Administrazioa eta oinarrizko eskubideak. Beraz, terrorismoaren aurka aritzeko balio dute oinarrizko eskubideek, noski, zeren eskubide absoluturik ez badago ere, bizitzarako eta askatasunerako eskubideak baitira ziurrenik gainerakoen abiapuntua, baina baita askoz gehiagorako ere.

Elías Díaz Zuzenbidearen filosofoa, “Zuzenbide Estatua eta gizarte demokratikoa” saioaren egilea

Izan ere, Bigarren Mundu Gerra osteko garaipen juridiko nagusietako bat Konstituzioen (eta bertan zerrendatutako oinarrizko eskubideen) zuzeneko aplikagarritasuna izan da, beren behialako balio programatiko hutsa atzean utziz. Oinarrizko eskubideak edozein ordena juridikoren erdigune eta abiapuntua dira: beren efektua, urraezin duten funtsezko edukitik (Espainiako Konstituzioko 53. artikulua, Alemaniako Konstituzioko 19.a) haratago doa eta sistema juridiko osoa blaitzen du, ordenamendu juridiko osoa haien arabera eta haiekiko errespetuz interpretatu eta aplikatu behar baita, beren funtzionaltasuna eta irispidea maximizatzeko xedea botere publikoen jardunaren gidari delarik.

Oinarrizko eskubideak, zeintzuak ez baitaukate izen hori alferrik, ez dira inolaz ere diskurtso edo erretorika hutsala, aipatu bezain azkar airean desegiten diren kontzeptu etiko lauso eta onkeriazkoak, baizik eta, aitzitik, ororen askatasuna eta duintasuna ahalbidetu eta bermatzeko, efektu eta gorpuzte nabari eta ukigarriak dituzten tresna juridiko-teknikoak.

Hitz bitan, oinarrizko eskubideetan datza lotsagorritu gabe Zuzenbide Estatu demokratiko (beti inperfektu) dei daitekeenaren eta erregimen autokratikoen/totalitarioen/autoritarioen/diktatorialen arteko aldea.

Beste baterako utziko dugu LGTB kolektibokoetako kideekiko oinarrizko eskubideek izan ditzaketen berealdiko efektu positiboen ebokazioa, baina blog honetako beste artikulu batean jada aritu ginen, feminismoan (batez ere azkenaldiko legezko berritasunen karietara) zentrala den abortuaren gaiaren inguruan, abortatzeko edo amatasuna libreki planifikatzeko oinarrizko eskubide bat maila konstituzionalean atiortzeak lekarzkeen inplikazioetaz: hasteko, Konstituzioak halako oinarrizko eskubide bat errekonozituko balu, ezinezkoa litzateke gaur egun Espainiako Gobernua prestatzen ari den abortuari buruzko erregulazio murriztailea legez onartzea.

Froga paregabea oinarrizko eskubideak, eta oro har Zuzenbidea, erretorika hutsala baina askoz gehiago direla konturatzeko.

Duela hilabete pasatxo, Pikara atari gomendagarrian “Oinarrizko eskubideei buruzko erreferendumak: demokrazia ala manipulazioa?” izeneko sarrera mamitsu bat argitaratu zuten J. Marcos eta María Ángeles Fernándezek. Sexu bereko bikoteen adopzioak ahalbidetuko lituzkeen legeak Portugalen izan duen bilakaera aztertzen du, itaun nagusi bat paratuz: posible al da oinarrizko eskubideei buruzko erreferendumik? Edo, sinpleago: oinarrizko eskubideen inguruan bozkatu al daiteke?

Artikuluak, bere muinetik zertxobait urrunduta, aspaldian buruan darabilgun ideia bati buruz hausnartzeko beta eman digu:  Estatu bateko Konstituzioak abortua oinarrizko eskubide gisa onartzeko aukera. Gai honi heltzeko, oinarrizko eskubideen kontzeptua juridikoki zehaztea komeni da.

Oinarrizko eskubide eta askatasunak edo eskubide konstituzionalak (ñabardurak ñabardura, oro har bi kategoriak parekatu daitezke), Konstituzio batek edo balio paretsuko testu batek onartutako eskubide urraezinak dira, giza duintasunaren eratorpen edo agermodu zuzenak. Historian zehar, hasiera batean, batez ere botere publikoaren ekintzaren aurreko balazta gisa irudikatu izan dira, botere publikoaren gehiegizko eskuhartze batek suposatu lezakeen balizko tiraniari aurre egiteko gizabanakoek dituzten berme minimo gisa, eta beraz botere publikoari iraganezinezko mugak finkatzen zizkioten tresna gisa (lehen belaunaldiko eskubide hauen adibide lirateke, esate baterako, adierazpen edo erlijio askatasunak). Gerora, baina, gutxi asko jabetza eta askatasuna bermatzea beste eginkizunik ez zeukan Estatua Estatu sozial bilakatzen joan den heinean, eskubide positiboak edo prestazionalak (eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak) ere oinarrizko eskubideen kategorian sartu ahal izan dira. Aurrerago, doktrina juridikoa oinarrizko eskubideen hirugarren belaunaldi batez ere mintzatu izan da, zeinak, besteak beste, ingurunearekin lotutako eskubideak barne hartuko lituzkeen.

Estatu Batuetako Bill of Rights, 1791ekoa.

Oinarrizko eskubideek giza eskubideekiko zuzeneko ahaidetasuna dute. Hala, giza eskubideen aitortza egiten duten nazioarteko testuek (hala nola, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak edo Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen Adierazpenak) eta oinarrizko eskubideak zerrendatzen dituzten xedapen konstituzionalek eduki oso antzekoa izan ohi dute. Oinarrizko eskubideak edo eskubide konstituzionalak bereizten dituen ezaugarria, hain zuzen, Konstituzio batean edo izaera paretsuko testu batean aitortuak izatea da, baina biek ala biek justifikazio material eta funtzio berberak dauzkate: gizakiaren duintasuna bermatzeko muga hautsiezinak izatea.

Hala, oinarrizko eskubideak bozkatu ezin dena[1] izango lirateke, hain zuzen: legezko testuek urratu edo inoratu ezin ditzaketen izaera konstituzionaleko eskubideak, botere legegilearen ekintza mugatu eta baldintzatzen duten marrak. Beren funtzio hau gutxiengoaren defentsarekin estu lotuta dago: gehiengo jakin batek, legeak onartzeko nahiko indar izanda ere, ezingo ditu gutxiengoen funtsezko eskubideak urratu, Konstituzioak bermatuta egongo baitira.

Beraz, gatozen harira: bozkatu al daiteke, erreferendum bidez, oinarrizko eskubideen inguruan? Galderari, artikuluaren egileek pausatzen duten gisan, ezezkoa erantzutea besterik ez dago, baina ezinbestekoa da munta handiko zehaztapen juridiko batzuk egitea.

Oinarrizko eskubidetzat jotzen baditu ere, abortuak eta adopzioak, eurek hertsiki, ez dute juridikoki oinarrizko eskubide izaerarik, ez daudelako Konstituzioan (ez Portugalekoan, ez Espainiakoan, ez Frantziakoan, ezta, guk dakigula, mendebaldeko ezein herrialdekoan ere) gisa horretan jasoak. Beraz, afera ez da konstituzionaltasunaren mailan kokatzen, legezkotasun soilarenean baizik, eta hortaz, legegileak haiek eskubide gisa onartzeko edo ez onartzeko askatasuna dauka.

Beste kontu bat da ea legezko arautzeek oinarrizko eskubide bat mugatu edo zehaztu ordez (zeina guztiz zilegi den), hura urratzen duten, bere funtsezko edukiari (Alemaniako eta Espainiako Konstituzioak aipatu) muzin egiten diotelako. Esate baterako, Auzitegi Konstituzionalak (edo legeen konstituzionaltasuna kontrolatzen duen organuak) ebatzi dezake sexu bereko bikoteei adopziorako eskubidea ukatzea berdintasun printzipio konstituzionalaren aurkakoa dela.

Baina zentzu honetan, egia da badagoela haurdunaldia eteteko eskubidea maila konstituzionalera igo zuen aurrekari bat: Roe vs. Wade kasu famatuan AEBetako Auzitegi Gorenak intimitate edo pribazitaterako eskubidetik haurdunaldia eteteko eskubidea eratorri zuen, umekia bideragarria izan arte bederen. Kasu honetan, bai, mutazio konstituzional baten bitartez (hemen erreforma konstituzional ez formal horri buruz mintzatu ginen), abortatzeko oinarrizko eskubide bat jaio zen, han Auzitegi Gorena baita Konstituzioaren interprete gorena eta, beraz, lege nagusiari buruzko bere epaietako interpretazioek maila konstituzional hori bera bereganatzen baitute.

Gaur egun, ordea, Estatu gehienetan haurdunaldia etetea legezko eskubide bat da, ez oinarrizkoa edo konstituzionala. Espainian, adibidez, 2/2010 Lege Organikoak arautzen du haurdunaldiaren etetea. 1985tik zetorren kasuen sistematik epeenera igaro zen lehenengo aldiz. Gaur egun, emakumeek ez dute inolako baldintzarik bete behar haurdunaldia lehen 14 asteetan eteteko. Alderdi Popularrak inkonstituzionaltasun helegitea aurkeztu zuen bere garaian, eta Gobernuak adierazia du jada Lege hori aldatzeko asmoa duela. Frantzian, bestalde, 1975 Veil Legeaz gero haurdunaldiaren eteteak ez dauka baldintzarik lehen 12 asteetan.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat.

Gatozen, baina, sarrera honen bidez plazaratu nahi dugun ideia nagusira: epe ertainean hainbat Estatu berri (Eskozia, Katalunia, Flandria) sortu daitezkeela dirudien honetan, berorien Konstituzioetan abortatzeko eskubidea jasotzeko aukera planteatu ahal izatea muntazko berrikuntza juridikoa litzateke. Aurreratu dugun bezala, Amerikako Estatu Batuen kasua salbuetsita (eta han ere modu berezian, Auzitegi Gorenak eratorri baitzuen pribatutasunerako eskubidetik), inon ez dauka haurdulandia eteteko eskubideak izaera konstituzionala. Hortaz, herrialde horietako zenbait sektore sozialek eragin juridiko sakoneko erronka dute euren aurrean, lurralde horiek Estatu bihurutz gero: abortatzeko eskubidearen errekonozimendu konstituzionala mugimendu feministen eta oro har ezkerraren agendan lehentasunezko helburu bihur liteke (eta bihurtu beharko luke), zeren, orduan bai, ez legoke legerik edo legeren bati buruzko erreferendumik konstituzionalki errekonozitutako emakumeen abortatzeko eskubidea eragotzi edo neurriz gain mugatu ahalko lukeenik.

 

[1] Hamaika aipamenen arteko labur bat aipatzearren: Gustavo Zagrebelsky Italiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiaren Principî e voti.