Posts Tagged ‘Oharrak’

Orain dela hilabete edo, otsailaren 23an zehazki, Beñat Sarasola erreferentziazko eusnobak txio bidez adierazten zigun zein gogaikarri zitzaizkion irakurtzen ari zen liburu bateko itzultzailearen oharrak, beren neurriz kanpoko kopuruagatik. Printzipio orokor bat formulatzera ere ausartu zen, oso kategorikoa bera, Twitter-reko umore giro erosoan: “Hau guztia, esateko (N. del traductor)-en erabateko kontrakoa naizela, salbu eta ez jartzeak irakurlearen heriotza inminentea ekarriko balu”. Tira, ados egoteko modukoa, ohar horiek zentzuzko kopuru batetik harago jotzen dutenean behintzat.

Baina, Durangoko uztako azken alea genuen Werther gaztearen arrangurak irakurtzen ari ginela, hara non topatzen dugun Goetheren nobelatxoak, bere txikian, inoiz ikusi dugun ohar kopururik handienetakoa dakarrela: 198 ohar, 176 orrialdetarako. Ezin saihestuzkoa aipaturiko txioez oroitzea, Sarasola bera baita liburuarentzako sarreratxo historiko lanak egiten dituen testuaren egilea. Kontua bitxia da, baina, zeren oharren egilea, Copyright eta guzti, ez baita ez Matías Múgica itzultzailea[1] ezta Sarasola bera ere, Sergio Gonzalez Arias baizik. Eta ez dakigu Sarasolak zer liburu zuen eskuartean, ezta zenbateraino ziren gogaikarri oinean zekartzan itzultzailearen oharrak, baina tronpatzeko beldurrik gabe esan dezakegu Wertherren kasuan, akaso, ohar kopuruarekin pittintxo bat pasatu direla. Uler bekigu: nahiko dexente pasatu dira.

Denetarikoak ditugu oharrak, baina denak lotzen dituen haria halako adeitasun edo goxotasun moduko bat da, zorrotz jarriko bagina irakurlearekiko gurasokeria gisa ere interpretatu ahalko litzatekeena. Izan ere, oharren gehiengo zabala osatzen duten sinonimo eta izaera linguistikoko azalpenak onargarriak izan litezke, akaso (nahiz eta, hasiera batean, suposa dezakegun inor ez dela Wertherrengana hizkuntza ikasteko hurbiltzen), irakurlea beste garai bat gaur egunera ekarri nahi duen hizkerara egokitu ahal izateko makulu gisa funtzionatzen duten heinean. Alabaina, badira beste batzuk irakurlea urduri edo, are, bere onetik kanpo paratzeko propio pentsatuta daudela diruditenak: protagonistaren egoera emozionalaren analisitxoak egitera menturatzen direnak, narrazio gertaerak aurreratzera-edo jolastu nahi dutenak, eta abar. Azken hauek dira, gure irudiko, baztergarrienak, are gehiago kontuan hartuta Goetheren beraren oharrekin tartekatzera behartuta daudela, orotara efektu arraro samarra sortuz.

Labur: ez genuke Werther gaztearen arrangurak irakurtzean tarteka erabilgarri gertatu zaizkigun oin oharren gaitzespen orokor bat egin nahi, baina ukaezina iruditzen zaigu eremu linguistikotik harata jotzen dutenean nabarmenkeria direla eta, are sinonimoak-eta direnean ere, berauen kopurua gehiegizkoa dela.

PS: post honen xedea ez da Wertherren kritika egitea, baina ezin aipagabe utzi mendez mende gorde duen sona ondo merezia duela. Nekez lortuko du irakurleak, beste garai batean bizitzearen baldintzapenak gaindituta, gazte gizajoaren sentimendu eta emozio parrastadan gogotsu ez murgiltzea. Asko gozatuagatik, nolanahi ere, ez gaitu Wertherren gaitzak jo eta, ondo bidean, laster izango gara blog honetara hurrengo artikulua ekartzeko prest.

PS [2]: beste txiolariren bat ere antzeko aferarekin bueltaka dabilela dirudi.


[1] Oker ez bagaude, Santi Leoné zen, 31 eskutik blogeko bere noizbehinkako ekarpenetan, zenbait irakurketa itzultzailearen arabera hautatzen zituela zioena. Matías Múgicarekin halakorik egiteko tentaldia ez da makala: ez ginduke harrituko Werther datorren urteko Euskadi Sarietako itzulpen sailerako hautagai sendoenetakoa izatea.