uztaila, 2015 -en artxiboa

“1. Pertsona orok eskubidea du bere kausa Legean aurreikusita dagoen Auzitegi independiente eta inpartzial batek ekitatiboki, publikoki eta arrazoizko epe batean aztertzeko […]. Epaia publikoki eman beharko da […].  3. Akusatu orok, gutxienez, honako eskubide hauek izango ditu:  a) lehenbailehen […] bere aurka formulatu den akusazioari eta honen zioei buruzko informazioa xehetasun guztiekin jasotzeko“.

Giza Eskubideen babeserako Europako Hitzarmenaren 6. artikulua

“1. Gizabanako guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabetasunik gerta.
2. Halaber, guztiek dute eskubidea […] abokatuaren defentsa eta laguntza izateko, haien aurkako akusazioaren argibideak jasotzeko, jendaurreko prozesua bidegabeko atzerapenik gabe eta berme guztiekin burutzeko, euren buruen babeserako egoki diren frogabideak erabiltzeko, beren buruen aurka adierazpenik ez egiteko, errudun direla ez aitortzeko, eta errugabetasun-presuntzioa izateko.”

Espainiako Konstituzioko 24. artikulua

Halako zerbait dio Facebookeko denboralerro literaturzaleetatik Twitterreko zerrenda snobetara saltoz salto ibiltzeaz jada maiztuta egon behar duen Kafkaren aipu batek: “soilik kozka eta zizt egiten diguten liburuak irakurri behar ditugula uste dut. Irakurtzen ari garen liburuak ez bagaitu aurpegian jasotako ukabilkada batek bezala esnarazten, zergatik hura irakurtzen nekatu? […] Behar duguna ezbehar mingarri batek bezala edo geure burua baino gehiago maite genuen norbaiten heriotzak bezala kolpatzen gaituzten liburuak dira, edozein giza presentziatik urruti, baso urrunenetara erbesteratuak, suizidio moduko batean, sentiarazten gaituzten liburuak. Liburuak geure barneko itsaso izoztua hausten duen aizkora izan behar du. Hori da uste dudana“. 

Akaso Kafkaren beraren Prozesuak irakurlearengan halako efektua duela esatea askotxo izango da, baina ezin uka azken lerroak irenstearekin bat liburuak ez duela preseski gorputzaldi fina uzten. Joseph K. akusatuaren gorabeheren eta Kafkaren lanari eman beharreko interpretazioei buruz hamaika iruzkin egin direnez eta harrobi horretan ekarpen urria egin dezakegula jakinik, perspektiba juridikotik helduko diogu gaiari, hor ere badago eta zer komentatua.

Izan ere, badirudi Kafkak eskubide prozesalen babesa helburu duten konstituzio eta hitzarmen guztiak hartu, mix azkar bat egin eta eskubide eta berme guztiak atzekoz aurrera jarri dituela, zein baino zein eraginkorrako eta gupidagabeago zapuztua izan zitezen. Norberaren etxera baimen judizialik gabe sartzen diren poliziak, akusazio konkreturik jakinarazten ez duen eta urteetan zehar luza daiteken prozesua, argitaratzen ez diren epaiak, absoluzioa irudikatu ere egin ezin izan daiteken testuingurua… Hitz batean, Espainiako Konstituzioak debekatzen duen babesgabetasun horren kintaesentzia moduko bat. Egileak trebeziaz marrazten du gizabanako bakartiaren gainean bere tranpa guztiak ixten dituen monstruo aurpegigabe hori, akusatuaren traketskeria sendaezina lagun, bere lotura sozial guztiak higatzen eta pozoitzen gutxinaka diharduen makina nekaezina.

Baina Estatu konstituzional batean bizi naiz!“, egiten du oihu obraren hasiera aldean Joseph K. protagonistak. Gutxirako balioko dio berari uste horrek, bistan da, baina ematen du zer pentsatua oinarrizko eskubideei buruz. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra osteko Europan, eta gerora beste herrialde batzuetan, Konstituzioetan jasotako oinarrizko eskubideak izaera zurruna bereganatu zutenetik (hots, zuzenean aplikagarri bihurtu eta, ondorioz, haien kontrakoak ziren legeak baliogabe deklaratzeko balio izan zutenetik), hiritarren oinarrizko eskubide horiek babesteko tresna judizialak izugarri ugaritu dira (lehentasunezko prozedura judizialak, auzitegi konstituzionalak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren sorrera eta garapena eta abar) eta, bere inperfekzio serio guztiekin ere, egungo egoera ez da XX. mende hasierakoaren oso antzekoa.

Hala ere, Joseph K. zorigaiztokoak pairatzen duen infernu prozesalak beta ematen du eskubide prozesal edo prozedurazkoak, askotan eskubide formal edo formazkotzat jotzen direnak (deitura hori ia era peioratiboan gehituta), merezi duten gisan balioesteko. Izan ere, hein bateraino normala da gorabehera ekonomiko larriak igarotzen ditugun garaietan hezkuntzarako, osasunaren zainketarako edo etxebizitza duinerako eskubidea bezalako eskubide prestazionalak aldarrikapen politiko eta hausnarketa juridikoen erdigunean kokatzea, baina tamala litzateke horrek, kolpe berean, prozedurazko eskubideen gutxiestea ekarriko balu. Zeren jakina baita edozerren balioa, baita eskubideena ere, horiek galtzen direnean nabaritzen dela nabarmenen.

Esan diezaiotela bestela Joseph K.-ri…

BONUS: orain dela gutxi El País-en Babelia gehigarri kulturalak Kafkaren nobelarik ezagunenari eman beharreko izenaren (Metamorfosia vs. Eraldaketa) inguruko artikulua argitaratu zuen.