Gaur jende anitz hizkuntza gehienetan esanahi hain atzerakoia (definizioetan dena da arbaso, sakrifizio eta heriotz) iradokitzen duen egun hori ospatzen ariko dela profitatuz, aliritzira botatako burutazio batzuk plazaratzeko aprobetxatuko dugu.

Oraindik bere burua ezker iraultzailetzat duen mugimenduak eta bere jatorri hiperkatolikoa atzean utziz laikotze prozesua (ustez) bururatu duen alderdiak ospakizuna kutsu ezin erlijiosoagoko egun honetan mantentzeak ez al du kirrinka egiten?

Ez al legoke guztiz justifikatua egunaren aldaketa, adibidez, euskararen eguna den abenduaren 3ra (gainera, Nafarroako eguna ere hori denez, abertzaletasunari hain komenigarri zaion Nafarroarekiko sentsibilitatea indartzen duelako)? Eta bestalde, azkenekoekin batera eta ez haien ordez, zergatik ez ospatu, Euskal Autonomia Erkidegoan, bertako herritarrek gehiengo zabal-zabalez onartutako Estatutuaren eguna?

Eta aurrekoaren harira, ondorioztatu behar al da balizko euskal errepublika batean lehentasuna lukeela, denok bozkatutako Konstituzioaren egunaren aldean, 1932an arbitrarioki jaiegun nazional bihurtutako Pazko Igandeak, tradizio sakrosantuaren (hitz inondik ere aproposa kasu honetan…) izenean?

Eta paroxismoruntz jarraituz, gure balizko armada txit fierrak azkenaldian Euskal Herri osoko autoen atzealdeak kolonizatu dituen ardi latxa paseora ateratzeko aprobetxatuko luke, Espainian egiten denaren egokitzapen gisa?

Azken batean, denboraren poderioz baino argitu ezingo diren itaunak dira…

PS: eguna sugar abertzalean kontsumitzen pasa nahi ez dutenentzat, proposamen alternatibo bat: Georges Brassensen La mauvaise réputation, (seguruenik gaurko eguna nonbait ospatzen ariko den) Anje Duhalderen bertsioan.

“Festa nazionalean ni gelditzen naiz ohean, / musika militarrari gorroto diot aspaldi…”

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s