Posts Tagged ‘Kataluniako Estatutua’

Izenburua: Constitución. Egilea: Santiago Muñoz Machado. Jatorrizko hizkuntza: espainiera. Argitalpen urtea: 2004. Argitaletxea: Iustel.

Santiago Muñoz Machadoren Constitución Espainiako sistema konstituzionalari buruzko monografia da, bertako konstituzionalismoaren historia, egun indarrean dagoen Konstituzioa eta honek Europar Batasuneko sistema konstituzionalarekin duen harremana aztergai dituena. Espainian Zuzenbide Konstituzionaleko ikasgaia lantzeko (inork gutxik kasu egin ohi dion) “bibliografia osagarrian” sarri agertzen den aleetako bat da, Eduardo García de Enterríaren La Constitución como norma y el Tribunal Constitucionalekin batera, besteak beste. Azken hau ez bezala, Konstituzioak indarrean jada hamarkada batzuk zeramatzanean eman zen argitara, 2004an hain zuzen, bere eragina eta aplikazioa denboraren eskarmentuz aztertzeko parada emanez.

Edonola ere, espero zitekeenez, liburua espainiar konstituzionalismoaren errepasoa eginez abiatzen da, ezaugarri aipagarri batekin: besteak beste lehen aipatutako García de Enterríaren liburuak eta doktrina nagusiak gai honi dagokionez esandakoa hein batean auzitan jarriz, Muñoz Machadok dio XIX. mendeko konstituzioek izan, izan zutela indar arauemaile edo normatiboa (eta ez zutela, beraz, printzipio programatiko multzo huts gisa jokatu, doktrina horrek aldeztu izan duen gisa), eta soilik gailentasun hierarkikoa izan zutela faltan, gaurkoarekin erkatuz gero. Baieztapen hori defendatzeko arrazoiketak ekarpen interesgarriak egiten ditu, baina zalantzazkoa da, gure ustez, zenbateraino esan daitekeen, gehiegizko abstrakzio edo orokortasunetara jo gabe, konstituzio batek benetako indar arauemailea duela bere xedapenak, praktikan, lege soil batez indargabetu daitezkeenean. Hots: lege baten pareko indarra baldin badu, benetan esan al daiteke, terminoek errealitatea ezkutatu gabe, “Konstituzioak indar arauemailea duela”?

Idatziaren bigarren zatian, egilea 1978ko Konstituzioaren egitura eta edukia aztertzeari lotzen zaio. Parte honi dagokionez, interesgarria deritzogu 15. artikulutik aurrera kokatuta dauden oinarrizko eskubideen azterketaren ertz jakin bati, alegia, oinarrizko eskubideetan bi dimentsio jakin zehazteari. Hala, batetik normalean jorratutako dimentsio subjetiboa geneukake: oinarrizko eskubideak eskubide subjetibo gisa, aritzeko edo jarduteko esparru babestu gisa. Bestetik, baina, Muñoz Machadok berorien dimentsio objetiboa azpimarratzen du: oinarrizko eskubideak berme instituzionalak lirateke; alegia, instituzio batzuen izaera eta egitura Konstituzioak zuzenean finkatzen baditu ere, beste kasu batzuetan oinarrizko eskubideen funtsezko edukiak (53. artikulua) legegileari pasatuko lioke, instituzio horien berme gisa arituz, berauek arautzeko eginkizuna. Hala, liburuan aipatzen den Auzitegi Konstituzionalaren 1981eko uztailaren 28ko epaiak dioenez, “Definizioz, […] berme instituzionalak ez du behin-betiko zehaztutako eduki jakin bat edo konpetentzia esparru jakin bat ziurtatzen, baizik eta [ziurtatzen duena da] instituzio baten mantentzea garai eta toki bakoitzean hartaz dagoen ideiaren arabera”.

Bestetik, Muñoz Machado biziki kritiko agertzen da 1978 Konstituzioak lurralde antolamenduari dagokionez ezarritako arautzearekin, berau lausoegitzat jotzen baitu eta, ondorioz, uste baitu Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziari ardura larriegia pasatu ziola Autonomia Estatuaren garaperani dagokionean. Oroit bedi Constitución 2004an idatzia dela, 2006ko Kataluniako Estatutua onartu eta honek ekarritako gertakari soka luzea (PPren aurkaratzearen ondoren Auzitegi Konstituzionalak bere zenbati xedapen baliogabetu zituen, 2010eko manifestazio historikoa egin zen, 2012 eta 2013ko Diada historikoek joera subiranisten indarraldia frogatu dute) baino lehen, alegia, baina bertzenaz ere egileak antzeko iritziak mantendu ditu orain gutxi, Espainiari buruzko txostenarekin 2013ko Espainiako Saiakera Saria irabazi izanaren karietara, eskainitako elkarrizketa batean.

Espainiako Konstituzioaren eta Europar Batasuneko “Konstituzioaren” (hots, jatorrizko Zuzenbide edo Tratatuen) arteko harremana eta elkarrekintza aztergai dituzten azken bi zatiak ere interes handikoak dira. Europarentzat Konstituzio bat ezartzen duen Tratatua onartzear zegoen (edo hala uste zen) garaian idatzia, liburuak munta handiko hainbat gai jorratzen ditu. Esate baterako, nazioz gaindiko Tratatu hauek onartzeak Estatuen (eta bereziki Espainiaren) Konstituzioan eragiten dituen mutazioak (idatzizko erreforma esplizituez bereizteko erabilitako hitza, Jellineken sailkapenean), eta nola horiek Konstituzioetan esku hartze desberdinak eragin dituzten europar estatuetan (esangura sakoneko aldaketak Alemanian eta Frantzian, 13.2 artikuluaren 1992ko ikututxoa Espainian); Estatutetako Auzitegi Konstituzionalen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (balizko) babes-maila ezberdinak oinarrizko eskubideei dagokionez, eta (balizko) problema hori nola onbideratu den; eta, batez ere, nola EBko Zuzenbideak epaileen boterea izugarri emendatu izana, besteak beste, beren Estatuetako legeak ez aplikatzeko ahalmena (eta betebeharra) jarriz beren eskuetan, horiek arau europarren batekin kontraesanean badaude. Honen harira, EBko Zuzenbidearen lehentasun printzipioa deritzon ondorio tinko eta erabakigarri horretara (kontraesanik egonez gero, beti aplikatu behar da EBko Zuzenbidea arau estatalen aurretik, nahiz eta hauek geroagokoak izan) eraman duen Europako Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren jarraipena ematen da, Costa/Enel, Factortame edo Simmenthal bezalako epai mugarrien bitartez.

Dena dela, EBko Zuzenbideak Estatu kideen ordena juridikoetan izan duen eragin eskerga antzemateko, bereziki aproposa iruditzen zaigu 317. orrialdea irekitzen duen lerrokada: “[Espainiako] Konstituzioa, hortaz, arauen aplikazioari buruzko arautzat jo behar da, J.L. Requejo Pagések zuzen esan duen moduan, eta ez ordena juridiko jakin batean dauden arauen baliozkotasunaz ebazten duen arautzat, zeren eta kanpoko ordenan [Europar Batasunekoan, kasu honetan] sortzen diren arauak soilik ordena horretan ezarritako irizpide material eta prozedurazkoen arabera baloratu baitaitezke”. Ezinezkoa da 300 bat orrialdeko liburua paragrafo batean laburtzea, baina ez da lagin txarra Constituciónen edukia eta Espainiako egungo ordena juridikoaren egoera laburtzeko.

Luzetxo jo duen posta amaitzeko, esan dezagun Muñoz Machadoren Constitución testu interesgarri eta mamitsua dela, jada hamar urte zahar izatearen handicapa kontuan hartuta ere (argitalpenaz geroztik egon da gertaera juridiko garrantzitsurik EB mailan), Zuzenbide Konstituzionalean interesa eta ezagutza minimo bat duenarentzat eta, bereziki, Europar Batasuneko Zuzenbideak ordena juridiko nazionaletan izan duen eraginari begirada landu bat luzatu nahi dionarentzat.

Advertisements