Euskaldun fededun; edo apaiz fanatikoen lurraren historian barrena

Posted: 2014/09/17 in Sin categoría
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , , ,

Belen Altunaren 2003ko Euskaldun fededun hau, azpitituluak dioenez, “euskaldun ona izateko modu baten historia” da. 350. orrialdetan zehar, hain zuzen ere, XVIII. eta XX. mende bitarteko euskaldunek zuten erlijioso famaren jatorriaren, garapenaren eta gainbeheraren bilaketa agertzen zaigu, zertxobait kimatutako doktorego tesian. Eta esan beharra dago, aurrerago edukian gehiago sakondu aurretik, tesi izaera horrek oso-oso gutxitan baino ez diola irakurleari halako astunkeria sentsazio bat eragiten, eta oro har Altunaren lana, patsadaz leitzekoa izanda ere, irakurterraza dela oso teologia eta erlijio kontuetan ikasia ez denarentzat ere. Azalpen terminologikoak eta zorroztasun analitikoa, esaterako, ezin hobeto uztartzen dira, ez motelegia ez azkarregia ez den erritmo aproposak eta hizkera jori baino ez kargatuegiak lagunduta, irakurlearen onerako.

Rikardo Arregi zenaren esanak ekartzen dira hizpidera behin baino gehiagotan. Euskaldunen Jainkoa “gizonaren autonomiaren etsaia eta eragozpena” omen zen, eta ezin uka Altunak xehe-xehe transkribatu eta aztertzen dituen testuetan (Añibarro, Mogel, Zabala, Palacios, Agirre Asteasukoa, eta abar) Jainko horrek munduan dituen agenteak, apaizak, burubelarri lotzen direla gizakaren edozein askatasun eta autonomia eremu desagertzeraino txikitzera.

Elizgizonen seta nagusia beren artaldekideen kontzientzia azken zokoraino arakatzea da, urrutitik ere bekatuaren nolabaiteko antza duen edozer errotik ezabatu eta gizakume oro bide onetik eramateko. Apaizen joera obsesibo-konpultsibo hori ezin hobeto mamitua ageri zaigu Añibarro, Mogel, Agirre eta abarren testuetan bertan, baina Altunaren azalpenak oso argigarriak dira ateraldi horiek guztiak ideia sistema logiko eta koherente batean txertatzeko. Izan ere, gaur eguno begiez beren adierazpenak komikoak (hara Zabalak infernua nola deskribatzen duen: “Goitic ta beetic sua, alboetatic sua, aurretic ta atzetic sua, beguietatic sua, belarrietatic sua, ao-surretatic sua, araguietatic sua, azurretatik sua, unetatic sua, eta alde guztietatic sua”) eta, batez ere, groteskoak iruditu ahal bazaizkigu ere, Altunaren esposiziotik argi eratortzen da Elizaren jarduna ez dela jitoan dabiltzan ideia ezberdinen multzo hetereogeneoa, helburu zehatzetara bideratutako jardun kontzientea baizik.

Belen Altuna, liburuaren egilea, EHUko Donostiako Filosofia Fakultateko irakasle da

Alegia, hertsiki erlijiosoak diren motibazioak gorabehera, mende horietako Eliza boteredunek beren menderakuntza oinarritzeko beharrezko dituzten egiturak sostengatzeko habe garrantzitsua da. Adibidez, agintari absolutuenganako obedientzia itsua sustatzerakoan, batez ere nekazarien artean, XVIII. eta XIX. mendeetan desbideraketa liberalak sortzen direnean (“Christiandadeco Legue santubak obligaitan gaitu ere pecatu mortalaren azpian, obedecitara Munduco Emperadore, Erregue, eta Principiai“). Status quoa kostal ahala kosta defendatzeko ardura bera ageri da emakumezkoen mendekotasuna iraunarazteko helburuan ere, alde batetik bere jaidura erlijioso handiagoa goratuz (Ama Birjinaren ondorengo prestu izango litzateke halakoetan, gizon ez hain fededunentzako eredu), baina bestetik bere ezkutuko arrisku eta gaiztakeria orobat handiagoak salatuz (Ebaren jatorrizko bekatuaren sustatzaile rola gogoratuz, kasu honetan), ezinbestean Simone de Beauvoirren Bigarren sexua-ko zenbait orrialde gogorarazten dituen bitasun hori azpimarratuz. Bi ezaugarri kontraesankor horiek, baina, beti daramate ondorio berera: emakumeek pere posizio subordinatuan mantentzeko duten betebeharra nabarmentzera.

Genero auzietatik urrundu gabe, atentzioa eman digute Altunak transkribatutako hainbat pasartek, zeinak queer perspektiba batetik emankorrak izan daitezkeen genero eredu hertsien sendotze eta betikotzean Elizak (ere) izan duen rola gogoraratzeko: “Deungaro [gaizki] eguiten dave nescatillac guizon yaciten badira, mutilac orraztuten badituez, edo mutilagaz nastean zaldi baten ganean badabiltz” [Zabala]; “Sarritan ekusten omen dira gaurko egunean bideetan emakumeak gizonen eran jantziak, eta edozeñek dakus zeñ ondoren txarrak ekarri litzakean ergelkeria onek gure errietan zabalduko baliz” [J.B. Agirre]; “Emacumeac guizonez jancirik, edo guizonak andreen janciaz; […] bada alan joateaz besteturic, adietan emoten dabe doazala libertade gueiagoaz lujuriatzeco” [Añibarro].

Horrelako jarrerek eta beste batzuek (beren urteroko gutxieneko aitortzak kontrolatzen zituzten “chartelen bildurrez”, eta soilik horregatik, apaizaren aurrean aitortza egiten zutenen kasuak, esaterako) gogorarazten dute, bide batez, egungo gizarte sekularizatuan erlijioak pertsona askoren bizitzan bere lekua izaten jarraitzen duen bezala, ez dela neurriz gain orokortu behar iragan mendeetako biztanleen erlijiotasuna. Izan ere, elizgizonen admonizio beldurgarri eta presio espiritual itogarria gorabehera, kasu horiek erakusten digute, izan, bazeudela erresistentziak erlijioaren omnipresentziaren aitzinean.

Esan gabe doa, baita maila apalagoan, birao eta juramentuen edo dantzen bidez adibidez, kanporatzen ziren erresistentziak ere, hurrenez hurren J. B. Agirre eta Frai Bartolomeren bi aipu hauek erakusten diguten bezala, bide batez euskarak birao eta irainik ez duela dioen aspaldi deuseztatutako mito hori barregarri utziz: “Onenbeste zabaldu da gaurco egunean geure errietan berba loiac esateco izcue charra ce, nago ece Cristiandade guztian erriz erri, ta yentez yente, eztala iñon bere euscal-errietan bashen berba loi gueiago esaten“; “Menturaz ez da Cristiandade guztian dantza desonestubagoric, ta lotsa guichiagocoric eguiten egun arguiz, euscal errijetan baino“.

Vatikano hiria, Erromako apezpiku eta Elizako buruaren egoitza

Honaino iritsita, liburuari egotzi diezaiokegun gabezia bakarretakoa aditzera ematea dagokigu: liburuaren titulu-azpitituluak iragartzen du bertan topatuko duguna “euskaldun ona” izateko modu baten historia izango dela. Alabaina, irakurketa amaitzean nabarmentzen den sentsazioa da batez ere generikoki “kristau ona” izateko irakaspideen multzoa erakutsi zaigula, euskaraz mintzo ez zen lurraldeetan beste hizkuntzetan emango zen modu bertsuan. Eta oso litekeena iruditzen zaigu, are ukaezina, Eliza Katolikoan berdin-berdin jardun izana bere meneko lurralde guztietan, baina agian horrexegatik zertxobait faltan nabaritu dugu euskal herrietan integrismo eta fanatismo plus hori eragiten zuten kausetan sakontzea. Egia da liburuaren lehen zatian foruen auziak azken horrekin zuen erlazioa aztertzen dela baina, liburuari eragozpenen bat jartzekotan, euskal herrietako muturreko katolizismo hori, beste leku batzuetako katolizismo (akaso) bareagoetatik desberdindu zezakeen zergatietan gutxiegi sakondu izana da. Alegia, gure Añibarro, Mogel, Agirre eta beste erreakzionario ultrakatoliko kuadrila Ebrotik behera, Aturritik gora edo Europan barrena zituzten beste erreakzionario kuadrilen hain desberdinak ote ziren ikertzea.

Baina zehaztapen horetatik harago, kontua da Altunaren lanak, objektibotasuna gordez baina gupidarik gabe, nota onez lortzen duela Eliza Katolikoaren historiako alderdi ilun horiek argitara ematea, eta bere jardunaren funtsa eta zuzeneko nahiz zeharkako helburuak azpimarratzea; alegia, erakustea zenbateraino izan den erlijioa kontrol sozialerako tresna, zapaltzen zuten orotariko botereen aurrean jendea meneko, otzan, esaneko izan zedin. Zenbateraino exijitu duen bizitza mundutarrean bizigarri den oro balizko eternitate zerutiar baten alde sakrifikatzea, kontzesiorik gabe, lurreko ordena soziala alda zezakeen edozein ideiari zirrikitu librerik utzi gabe. Añibarroren hitzak ezin esanguratsuagoak dira bizi ikuskera gris eta pozoitsu hori ikustarazteko: “ez jacu emon bicitza labur au emoteco danza, fiesta, solas gaisto zoroetan, ezpada guere pecatuac negar eguiteco”.

Bukaeran, baina, susmo oso mingots bat gera dakioke irakurleari. Aukera errazena liburuko egitateak aspaldi amaitutako iragan bateko kontutzat hartzea bada ere, akaso hautu xaloegia eta autoengainuzkoa da. Izan ere, ez al da posible duela mende bat baino gutxirago arte halako intolerantzia, integrismo, itxitura eta tirania garraiatzeko bide izan diren ideiak eta praktika sozial eta kulturalak, nolabaiteko sedimentazio baten bitartez, belaunaldiz belaunaldi modu kontziente nahiz inkontzientean transmititu izana? Hots, ez al da posible, gure burua aski laiko eta sekularizatutzat izanda ere, fanatismo hori, erlijioa ahaztuta, beste kausa kasik jainkozkoetara bideratu izana?

Norberak bere ondorioak atera ditzake, baina azken 50 urteetan ETAk eraildako 800 pertsonek zenbait gogoetabide ireki ahalko lituzkete, gutxienez…

Iruzkinak
  1. manex-k dio:

    Ondorio sinpliestegia, nire ustetan. ETAren historia dena lerro batean sintetizatuz ez da ezer argitzen. Ez zait atsegin biktima gerra bat egitea, gogoratuz 5000tik gorako tortura salaketak 1977tik 2002ra, gerra zikinak akatutako 70 inguru pertsona, poliziaren eskuetan hildako 34 manifestari, kartzeletan hildako 10 bat, eta polizia etxeetan hildako 5, edo 168 ETAko kideren indarkeriazko heriotzak. (Datuak Sabino Ormazabal Elola, “Sufrimenduaren mapa (osatugabea)” txostenetik atereak)

    ETAko kideen heriotzak, akaso alde batera utzi nahi lituzke baten batek. Baina, gogora dezagun, “1974tik 1982ra, estatuaren aurkako higadurazko gerlan ETAk 300 bat pertsona hil zituen, gehienak militarrak, poliziak, kargudun frankistak, salatariak edo ultra-eskuindarrak; biktima ez inplikatuen kopurua aski mugatua zen eta ETAk behin baino gehiagotan eman zituen azalpenak (bai eta barkamena eskatu) huts nabarien kasuetan.” (ETAren estrategia armatuaren historiaz, Emilio Lopez Adan Beltza, 31 orri.). Hau da, 800 eta piko hidakoen artean, frankista ugari egon daitekeela.

    Ondorioa: beste garai batzuk ziren, eta ETAk zuen babesa bazuen zerbaitegatik izango zen, ez gen erlijioso-fanatikoagatik.

    Ez dut biktima gerra bat egin nahi izan, zeinek gehiago – esan dut – baina gogoratu behar da. Akaso tesia desplazatu egin behar litzake eta planteatu fanatismoa Espainia katoliko zabaleko kontua ote den(kasu honetan euskadi berdin katolikoa barnean hartuta)? (Zuk zeuk esan duzu Euskal Herrirako adina balio dezakeela analisiak beste lurralde kristauetarako).

    Liburuaren intentzioa, seguruenik, zure ondoriora bideratzea izan da neurri handienean, idazlea ezaguturik. Baina, gatazkaren kausa ez da fanatismoa izan, soilik efektu, esango nuke nik (onartzen dut fanatismo independentista bat egon dela). Aldi berean, esango nuke, Espainiako Estatuaren jarrera antidemokratikoen jarraian sortutako fanatismo bat izan dela, eta hura gabe ez genukeela halakorik izango aurreko 50 urteetan.

    Dena den, ongi dago bakoitza bere iritziak lantzen joatea, Bataplanen alkolez lepo bukatu beharrean astebururo. Segi lanean Simon! Agur!

    • gibeljale-k dio:

      Kaixo Manex, eskerrik asko iruzkinagatik. Azken esaldiaren asmoa ez zen, noski, 50 urte luze iraun duen auzi konplexua bi hitzetan laburtzea, fenomeno horri buruz hausnartzeko gogoeta ildo bat proposatzea baizik.
      Lehenik eta behin, ETAk 800 pertsona baino gehiago erail izanak ez du kentzen Espainiak tortura eta polizia indarkeria (erailketak barne) kasu ugari egon izana. Baina azken hauetaz mintzatzean ETAren existentziak justifikatzen ez dituen bezala, alderantziz ere ez luke izan behar.
      Bigarrenik, 1974 eta 1982 artean ETAk batez ere militarrak, poliziak eta abar hil zituela diozu, gehienetan odol hotzean akabatutako bizitza horiek, abstraktuki, gutxiago balio balute bezala. Gainera, 1982an gelditzea ezin arbitrarioagoa iruditzen zait, jakinik 1978tik aurrera hasi zirela Espainian oinarrizko eskubide eta askatasunak garatzen (modu inperfektoan, noski), eta batez ere kontuan hartuta 1982az geroztik ETAk eraildako zibil (ume, langile, zinegotzi, merkataritza zentruko bezero ,…) kopuru estonagarria.
      Bestalde, “ETAk zuen babesa bazuen zerbaitegatik izango zen” esatea nahiko argudio probrea iruditzen zait. Ez dago Historiako kasurik larrienak hizpidera ekarri beharrik konturatzeko biztanleriaren parte garrantzitsu baten sostengua izateak (edo are gehiengoarena ere, nahiz eta kasu honetan ez den inola hala gertatu) ez duela eragozten ekintza kriminal eta antidemokratikoak gauzatzea, eta ez dituela horiek justifikagarri bihurtzen.
      Erlijio kutsu handiko fanatismo hori Hego EHkoa bakarrik ez, baizik eta Espainia osokoa izatea. Bai, seguruenik. Zuk diozun bezela, artikuluak berak hori iradokitzen du. Abiapuntua Karlistadetan jartzen badugu, ez dut uste oso zaila denik Karlosen aldeko integrismo horren ondorengoak Primo de Riveraren diktaduran edo Francorenean aurkitzea.
      Bukatzeko, “Espainiaren jarrera antidemokratikoaz” diozunean, zehaztu beharko litzateke zeri buruz ari garen. Lehen aipatutako tortura eta abarretaz edo Frankismoaz ari bagara, adjetibo hori aplikagarria da noski. Baina Kataluniaren edo EHaren sezesioa legez ez baimentzeko borondateaz ari bagar, askoz zalantzazkoagoa da. Izan ere, munduan (nik dakidala behintzat) soilik bi Konstituzio egon dira Estatuaren partizioa ahalbidetzen zutenak: SESBekoa eta Jugoslaviakoa. Eskoziako kasua, hala, salbuespenezkoa da erabat, Erresuma Batuak ez baitauka Konstituzio formalik, eta hemen ere, Westminsterrek erreferenduma deitzeko ahalmena beretzat jo, eta soilik horren ondoren transferitu dio behin-behinean Eskoziako gobernuari. Hortaz, zentzu hoentan, Espainiaren “antidemokratikotasuna” mundu beste Estatu ia guztiena ere litzateke, ezinbestean.

  2. manex-k dio:

    Gogoratzean, 800 biktimetan % handi bat polizia, militar etab zirela, egin nahi nuena batez ere, eta euren bizitzak mespretxatzen ari nintzela uler zedin arriskatuz tamalez, zen nabarmentzea hildakoak bi aldetan daudela; baina, batez ere, ETAko militante hilak ere egon direla, eta ETAko izateagatik euren heriotzak ez duela gutxiago inporta. Beraz, barka militarren heriotzak mespretxatzen ari nintzela ulertu bada.

    Beste alde batetik, badago errelato bat, demokrazia mendebaldarrak, eta espainiarrak harekin batera, legitimitate osoa bere alde izan duenez gero, ETAren jarduna bere osotasunean hartu eta erokeria antidemokratikotzat aurkezten duena. Esan nahi nuena da, eta bere luzapena akats politiko eta historiko, eta tragedia sozial, bezala ikusten badut ere, sorreran, eta bere historiaren zati handi batean, gehiago izan duela konfrontazioak gatazka armatutik, ero batzuen terrorismotik baino. “ETAk zuen babesa zerbaitegatik izango zen” esatean, bide beretik nindoan: gen erlijoso fanatikoagatik baino, kontestu politiko batek eragin zuela biolentzia irudikatzekoan.

    Guzti honekin lotuta dator, bide batez, frankismoa orokorrean ze barkatua izan den.
    Legediez ezer gutxi dakit, egia esan. Filosofia politikoaz ari bagara, berriz, legitimitate eta legalitate kontzeptuak ezberdindu ditzakegu. Horrela, esango nuke, konsitutzio espainiarrak legalitatea finkatzen badu, sarri legitimitate handia galdu duela. Batez ere, torturen kasuetan, zein egunkaria auzian, edota ezker abertzalearen ilegalizazioan, bere legalitate propioaren aurka, bere burua kontraesanez, batzuetan (torturen kasua), edota legeak jarrera antidemokratikoan eginaz (ilegalizazioena). Izan ere, Euskadin %20ko babesa izatera heldua (memoriaz ari naiz) zen partidu politiko bat (HBrekin, naiz Batasuna izan zen ilegalizatua) ilegalizatzea, legez egiten bada ere ez dio uzten ekintza politiko antidemokratiko bat izateari. (Iruditzen bazaizu biztanleriaren % hori talde militar baten babesean ari dela, arazo bat daukazu… Hobe duzu arazoari sakonetik heldu, eta ez adarrak kimatzen aritu, hala zuhaitza indartsuago hazten baita).

    Ez dakit konstituzioak aurreikusten duen bere erreformarako biderik. Hala balitz, aukera polita demokrazia lekzio bat emateko! Eta ez balitz hala, zer nahi duzu esatea, ez du konstituzio horrek 500 urte iraungo ezta? Iruditzen zait pertsona bati paliza bat ematea legeak debekatzea ongi dagoela, baina ez proposamen politikoak herritarrei galdetzea debekatzea. Ez dakit zuzenbidean nola lantzen den hori, baina botere eratzailearen (constituyente) eta botere eratuaren (constituido) arteko tentsio bat bezala irudika genezake. Hau da, legeak baimentzen du zer egin daitekeen eta zer ez, baina zeinek erabakitzen du lege bat baliozko den ala ez? (Gehiengoak, baina duela 40 urtekoak?)

    Azkenik, ez naiz batere izaera etniko, nazional etab-ak finatzearen aldeko. Orokorrean onartzen da alemaniarrak serio eta diszplinatuak direla, eta italiarrak neskazale amorratuak. Baina, gogoeta politiko serio bat egiteko, halako karakterizazioek gehiago dute poesiatik, akaso, hausnarketa zintzotik baino. Aukera bat da, baina nik, guztiz baztertuko nuke hipotesia. Askoz ere oparoagoak izan daitezke beste bide batzuk. Esaterako, frankismoak erraztu zuela talde armatu baten sorrera, eta demokrazia defizitario batek, torturekin, gerra zikinarekin etab erraztu zuela bere deskreditu propioa. Hala, subjektibitate biolentatu bat eratu zela, eta ahalbidetu duela estrategia politiko-militar bat absurduraino luzatu izana. Demokrazia “antidemokratikoa” nola esplikatu? Bada, frankisten barkamen eta demokrazian barnehartzearekin esaterako, eta 40 urte luze diktadura eta kultura faxista batekin. Eta hori nola? Bada… Askoz ere aberatsagoa egin daiteke hausnarketa!

    Orokorrean, kontestualizazio historiko batera bideratu nahi nuen, psikologia sozial nahiko prekario batetik aldenduz.

  3. gibeljale-k dio:

    Jakina ondorio armatuak dituzten auzi asko jatorri politikodunak direla eta aurrekari, historia, testuinguru eta abarrik gabe ulertezinak direla. Jakina terrorismoa/ekintza armatua edo nahi bezala izendatu dezakegun horretara jotzen dutenak arrazoi sendoak dituztela uste dutela eta abar. Horrek ez du kentzen ustezko arrazoi horiek auzitan jarri beharra eta, kasu honetan, ETAk bere burua Mandelaren eta enparauen parekotzat badu ere, uste dut konparazio minimo kritiko batek ez duela halakorik ahalbidetzen.
    Gainera, ETAren jardunaren jatorrizko zilegitasuna onartuta ere, mundu horrek inoiz esplikatu ez duen zerbait da ETAren “erreakzio” izaera horren inkoherentzia; zeren, esate baterako, Espainia 1978an erregimen antidemokratiko batetik zetorren, eta ez da oso zalantzazkoa garai horretan, eta 1980rren hamarkadan ere bai, polizia-etxeetan tortura basatiak oso ohikoak izango zirela (badago, honi buruz, gerora ETAk hildako Juan Mari Jauregi protagonista duen istoria famatu bat: gobernu zibileko zeldak eurak bakarrik ikusita agindu omen zuen haiek ixtea, beren itxura ikusita bertan jendea nola tratatuko zuten ikuste hutsarekin. Horrelako jende doilo-doilor-doilorra hiltzera dedikatu zen ETA, hori da ahaztu behar ez dena). Baina ETAren terrorismoak ez zuen bere goia Frankismopean izan, ezta gutxieago ere. 1980ko hamarkadan, Espainian demokrazia eta Zuzenbide Estatua (beti ere inperfektoa, errepika genezake hamaikagarrenez) sendotzen zihoazen heinean ekin zien ETAk bere atentatu odoltsuenei, eta aurrerago hasi zen militarrak, guardia zibilak eta abarrak (balizko gatazka armatu batean “areriotzat” edo jo zitzaketenak) ez zirenak erailtzen (zinegotziak, enpresariak, zibilak oro har, eta ume ez gutxi tartean). Deriba hori justifikatzeko ere egin daitezke ekilibrioak, baina inkoherentzia bistakoa da.
    Legalitatea eta legitimitatearen arteko bereizketa buruz hausnartu dezakegula? Jakina, Zuzenbidearen filosofia horretara laburtzen dela esan genezake, sinplifikazio trakets xamar batez. Problema da hori egiten hasten diren zenbaitek Carl Schmitten antz beldurgarria hartzen dutela, eta ez bakarrik liburuaren izenburuagatik…
    Noski Espainia diktadura bat izan zela, 1978tik aurrera haren arrasto nabarmenak geratzen zirela eta oraindik ere geratuko direla, baina larriena da konstatazio horrekin atzetik datorren guztia justifikatu nahi izatea, batzuk egiten duten bezala (ez dut esan nahi zuk hori egiten duzunik). Espainian diktadura bat egon zela diogunean, Espainian osoan egon zela diogu, eta ezkerreko jendeak eta oro har demokraziaren aldekoek zapalkuntza Espainia osoan pairatu zuten, ez bakarrik Hego Euskal Herrian.
    Jakina Konstituzioek (XX. mendeko ia denak behintzat), eta konkretuki gaur egungo Espainiakoak, beren erreformarako prozedurak aurreikusten dituztela. Kontua da halako garrantzi juridikoa duen operaziorako, herrialde guztietan, gehiengo kualifikatuak exijitzen direla. Botere eratzaile eratuaren (pouvoir constituant institué, poder constituyente constituido) funtzioa da Konstituzioa berorrek ezartzen dituen prozeduretatik erreformatzea.
    Hori hala izanda ere, egia da xalokeria dela ez ikusi nahi izatea Historian zehar Konstituzioak askoz sarriago aldatu direla bide ez juridikoetatik aurreikusitakoetatik baino. Pertsonalki uste dut botere eratzailearen kontzeptua zuzenbide konstituzionaleko interesgarrienetarikoa dela, eta benetan oso interesgarria iruditzen zait azkenaldian prozesu eratzaileei buruz dabilen eztabaida [ironiarik gabe irakurri beharreko esaldia, azken hau]. Hori bai, komeni da bilatzea norengandik datozen, kasuan kasuan, ideia horiek, zeren 40 urte luzez euskal gizartearen %40-%50 akabatu eta isilarazi izan nahi dutenengandik, edo haien ideiek inspiratuta, baldin badatoz, behinik behin zuhurtzia pixka batekin hartzeko modukoak izango dira…
    Konstituzioaren 500 urteei buruz, egia da komenigarria dela oinarrizko testu juridikoak, gutxieneko egonkortasun bat mantenduta beti ere, biziarazten duen errealitate sozialarekin bat egiten jarraitzea. Azken batean, bere biziraupena horren mende dago. Hori bai, horrek ezin gaitu xinplekeriara eraman, Konstituzio zahar bat zuzenean ez baliagarritzat joz, eta berriagoa berritasun hutsagatik goraipatuz: Estatu Batuetako Konstituzioak, munduko zaharrenak, hortxe darrai indarrean, munduan Konstituzio gutxik izango duten herri atxikimenduarekin gainera. Beste kontu askotan bezala, jurisprudentzian dago hemen ere gakoa: Konstituzioa interpretatzeko eskumena duten organuek berau gizartearen bilakaerara egokitzeko erakusten duten trebezia handiago edo txikiagoan, hain zuzen.
    Bukatzeko, ez dut uste ez liburutik eta ez postetik ondorioztatu daitekeenik euskaldunen edo beste inoren izaera biologiko berezi bat aldezten denik, positiboa edo negatiboa. Batzuk giza talde bat goraipatzeko asmatu izan zituzten zentzugabekeriak ez dira zentzugabekeria txikiagoa izango ezaugarri negatiboez ari direnean. Ez gara, hemen, ez poesiaz ez beste fantasia identitario positibo edo negatiboz ari; xumeki iradoki dena izan da (iradoki, ezen ez ziurtasunez adierazi) hain zuzen azken aurreko paragrafoan diozuna: kontestualizazio historikoaren bitartez gaur egungo fenomenoak ulertzeko gakoak aurki daitezkeela.
    Aurrekoari buruz, konparazio baterako: demagun, gizarte gehienetan gizonezkoek emakumezkoak hainbat arlotan menperatzeko joera dutela esaten dugula. Hala, ez dugu esan nahi joera hori biologikoa edo naturala denik, baizik eta mende luzeetan mamitutako ideia eta praktika sozialak gaur eguneraino luzatzen den soka luzea dakartela, eta gaur egungo fenomenoak, seguruenik, ulertezinak direla (eta pentsaezinak liratekeela) haiek gabe. Beste horrenbeste post honetako gaiarekin.

Leave a reply to manex Utzi erantzuna