Posts Tagged ‘Sindikalismoa’

Euskadin Kastillan bezala, zioen Imanol Larzabalen kantak, langileen seme-alaben aseak bazuen zerikusirik haien lantresnen kontrolaren aferarekin. Gaur egun, azkenaldiko albisteak ikusita, saihestezina da galdera pausatzea: Espainian Frantzian bezala, eta garai ilunagoak oroitaraziz, beharginak kartzelan buka al dezakete euren lan baldintzen defentsan aritzeagatik?

Zortzina urteko kartzela zigorra jaso dezaketen Airbuseko langileetako batzuk, euren lantegiaren parean

Zortzina urteko kartzela zigorra jaso dezaketen Airbuseko langileetako batzuk, euren lantegiaren parean

Izan ere, ezinezkoa da puri-purian dauden bi afera oso antzekoetan joera komunik ez identifikatzea. Batetik, Frantziako auzitegi batek Goodyear faktoriako 8 langile 9 hilabeteko kartzelaldira kondenatu ditu. Arrazoia: 7 urte luze zirauen lan-gatazka baten amaieran, 2014ko hasieran, euren lantegiaren deslokalizazioa berehalako kontua izango zela zirudienean, enpresako bi goi-kargurekin batera fabrikan itxi izana, azken horiei bertatik irtetea eragotziz. 1143 lanpostu zeuden jokoan, baina azkenean ezin izan zituzten zuzendaritzaren asmoak geldiarazi. Emaitza (oraingoz): kaleratuetako 12k beren buruaz beste egin dute, hamarnaka familia desegin dira eta, zer esanik ez, bota zituztenen portzentai handi batek ez du urrutitik ere lan egonkor baten antzekoa den ezer topatu. Langileek epaiaren kontra errekurtsoa jartzeko aukera dute, baina Michaël Wamen CGTko sindikalista eta langile ohi kondenatuak egindako orain arteko kalteen testigantza erdiragarria da.

Bestetik, Espainian, 300 langile baina gehiago auzipetuta daude azken urte hauetako hainbat greba egunetan ustez jazotako gertakarien karietara. Horietako hainbati, “Airbuseko zortziak” ezinenaz ezagunak direnei alegia, 8na urteko (sic) kartzela zigorra ezartzeko eskatzen du Fiskaltzak. Urtarrilaren 19an auzipetuei sostengua erakusteko antolatutako ekitaldiak arrakasta azpimarragarria izan duela dirudi eta, orain, datozen asteotan gertatzekoa den epaiketaren zain daude.

Zer ondoriozta daiteke bi afera hauetatik? Kasualitatea ote, krisiaren ondotiko gatazka sozial maila altua bizi izan den urte hauen ostean, halako gertaerak garai bertsuan iristea? Iritziak iritzi, eta hemen aipatutako kasuen zein besteen zirkunstantzia konkretuak dentarikoak izango direla jakinda ere, badirudi langile mugimenduaren eta bere adierazpen modu arketipikoa den grebaren aurkako erreakzio baten zantzuak gero eta ugariagoak direla. Espainiako nahiz mundu zabaleko patronalek greba eskubidea ahal bezainbeste murrizteko ahaleginetatik hasita, aipatutako bi aferetan ministerio publikoak jokatutako rol erabakigarriarekin segiz -Goodyearreko beharginen kasuan, enpresan itxita geratu ziren bi goi-karguek euren salaketa erretiratu zuten, eta soilik fiskaltzaren bultzadagatik egin zuen aurrera aferak-, eta Airbus nahiz Goodyearrekoek akaso pairatuko duten kartzelaldiarekin amaituz, oraingo eta geroko langileentzat bada kezka sakona pizteko motiborik.

Bada, ordea erreakziorik: Goodyearreko kondenatuek elkarrateratze masiboak eskatu dituzte errekurtsoari buruz ebatziko den egunerako, eta Espainian ere, aipatutako ekitaldiaz gain, martxan dira beste iniziatiba batzuk ere. Bienbitartean, Imanolen kanta ez da aferaren garrantziaz gogoraratzeko modurik okerrena…

Advertisements