Posts Tagged ‘Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena’

Duela gutxi abian jarri den eta bestela ere gomendagarria den 25geltokia webgune añorgatarrean blog juridiko bat dagoela jakin genuen, gure ezuste eta plazererako, orain dela aste batzuk. Iban Ugarte Herrarte abokatuak idatzia, oraingoz apiril hasieran argitaratutako sarrera bat baino ez dago ikusgai Iuris tantum izenburudun blogean, baina, gehiagoren zain gauden bitartean, hizpide ederra eman digu post hau idazteko.

Errugabetasun presuntzioa dauka izena Ugarteren artikuluak, eta, nola ez, edozein ordena jurdikotan oinarri-oinarrizkoa den printzipio horretaz dihardu. Espainian Konstituzioko 24.2 artikuluak halaxe jasotzen du: “[…], guztiek dute eskubidea, legeak lehendik izendaturiko epaile arrunta izateko, abokatuaren defentsa eta laguntza izateko, haien aurkako akusazioaren argibideak jasotzeko, jendaurreko prozesua bidegabeko atzerapenik gabe eta berme guztiekin burutzeko, euren buruen babeserako egoki diren frogabideak erabiltzeko, beren buruen aurka adierazpenik ez egiteko, errudun direla ez aitortzeko, eta errugabetasun-presuntzioa izateko“. Izaera prozesaleko eskubideak biltzen dituen 24. artikuluan dago kokatuta, babesbide gehien (lege erreserba, funtsezko edukia, lehentasunezko prozedura sumarioa, babes-errekurtsoa) dituen lehenengo tituluko bigarren kapituluko lehenengo ataleko oinarrizko eskubideen artean, alegia, eta nahiz eta batez ere prozesu judizialetan den aplikagarri, bere eragina zigor administratiboak ezartzeko prozeduretara ere hedatzen da, Administrazioak zigortu nahi duenaren mesedetan. Frantzian, bestalde, Konstituzioak bere atarikoan egiten duen bidalketaren bitartez gaur egun indarrean dagoen Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpenaren (1789koa) 9. artikuluan bermatzen da: “Gizon oro presuntzioz errugabea izaki errudun deklaratua izan arte, berau atxilotzea ezinbestekotzat jotzen bada, berorretaz jabetzeko beharrezkoa ez den gogorkeria oro legeak zorrotz zigortu behar du“.

Ugartek berak nekez hobe daitekeen azalpena ematen du errugabetasun presuntzioaren inguruan: “Presuntzio honek dio inor ez dela kondenatua izango baldin eta epaiketa justu batetan […] zalantza arrazional guztiak gailenduko dituen frogak aurkezten ez badira. Eta gainera, froga horiek ez dira edozein modutakoak izango. Karguzko frogak behar dute izan eta oinarrizko eskubideen urraketarik gabe lortutakoak […]. Epaitegiak ez du inolako zalantzarik izan behar kondenatuaren erruduntasunari buruz. Ezta zalantza hori arrazoizkoa bada ere. Zalantzarik balego, kondenarik ez”. Gaiari hamaika ertzetatik hel dakioke (horietariko bat Ugartek berak hautatutakoa), baina guk bere postean sartu-irten azkar bat egiten duen kontu bat jorratu nahiko genuke, labur bada ere: prozesu judizial batean auzipetutakoei hedabideek ematen dieten tratamendua, alegia.

Izan ere, oinarrizko eskubideak batez ere botere publikoaren aurreko berme gisa pentsatzen badira ere, ez soilik botere publikoak, baizik eta herritar oro dago Konstituzioak xedatutakoaren mende (Espainiako Konstituzioko 9.1 artikulua); hala, begibistakoa iruditzen zaigu zenbait hedabidek, kasu mediatekoenetan batik bat, delituren bat egiteagatik atxilotuta edo auzipetuta daudenen errugabetasun presuntzioa modurik zabarrenean urratu ohi dutela. Hala gertatzen da, esate baterako, auzipetu bat, epaiketa egin baino lehen, zuzenean erruduntzat jotzen denean, edo atxilotu bat, norabait daramatenean, argazkilarientzako eta telebista kamerentzako bazka babesgabe bihurtzen dutenean (azken kasu honetan, Konstituzioak 18. artikuluan bermatzen duen norbere irudirako oinarrizko eskubidea ere jokoan legoke, eta Auzitegi Konstituzionalak jada hainbat babes-errekurtso baietsi edo estimatu ditu horrelako kasuetan, urtarrilaren 28ko 14/2003 epaiean, kasu). Oinarrizko eskubide horien urraketa larri hori, gure iritziz, argi eta garbia da eguna joan eta eguna etorri egunkarien azalak eta albistegien sarrerak ia osoki bereganatzen dituzten kasu mediatikoenetan.

Joera hau, gainera, zenbait hedabidek The Sun britaniarra bezalako tabloide estilo sentsazionalistaren bidetik gero eta sarriago jotzen duten testuinguru kezkagarrian kokatu behar da. Izan ere, gizartearen ongizatea eta egonkortasuna hamaika problema sozial eta politikok auzitan jartzen duten unean, zenbait botere-guneri oso komenigarria zaie herritarren arreta bihotza erraz bipiltzen duten krimen eta gertaeretara desbideratzea, beste afera politikoago eta, beraz, askos problematikoago batzuen kaltetan. Azken honek, baina, ondorio katastrofikoak baino ezin ditzake ekarri epe ertainera eta luzera.

Azken batean, delitu larriak tartean daudenean ez da erraza delituak berak eragin diezaguken arbuioa eta ustezko egileak beti ere mantendu behar dituen eskubideak bereiztea, baina, hasieran esan dugun bezala, ezinbestekoa da errugabetasun presuntzioa bezalako oinarrizko eskubideak errespetatzea Zuzenbide Estatu demokratiko batean bizi nahi badugu. Hortaz, eskubide hori modurik baztergarrienean urratzen dituzten egintzak salatzea eta deitoratzea baizik ez zaigu geratzen, gertaera eskandalagarriak izan ordez eguneroko ohitura bihurtuko ez badira.

Advertisements