Izenburua: El ordenamiento jurídico. Egilea: Santi Romano. Jatorrizko hizkuntza: italiera. Irakurketa hizkuntza: espainiera. Urtea: 1918. Argitaletxea: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales.

Post hau liburu kritiken multzoan sartuko beharko dugu halabeharrez-edo, baina nekez topatuko du bertan irakurleak kritikaren edo analisi sakonaren zantzurik. Izan ere, Zuzenbidearen Teoria Orokorraren bideak, oro har, berez izaki sasitsuak, Santi Romanoren L’ordinamento giuridico bereziki nabarmentzen da bere konplexutasunean. Beraz, gure disekzio-esfortzuak legelari italiarraren pentsamenduaren sare trinkoetan galdu daitezen saiheste aldera, hobe edukiaren axaleko aurkezpen bat egitearekin konformatzea, segidan sarreraren mamia izango den excursus (juri)linguistikoan bete-betean sartu baino lehen.

Santi Romano legelari italiarra, L’ordinamento giuridicoren egilea.

Tira: zer da Zuzenbidea? Arau (eta printzipio) multzo bat. Horixe da, gutxi asko eta kasuan kasuan gehi dakizkiokeen beste datu eta informazio gehigarriekin, noizbait legelari izateko esperantzan Zuzenbide fakultatean hasten denak jaso ohi duen lehenengotariko definizioa. Araua, eta legea zehazki, kokatzen da Zuzenbidearen erdigunean. Egia da positibismo legalistak aspaldi jo zuela bere gailurra, eta legeak sistema juridikoan duen zentraltasuna inoiz baino higatuago dagoela gaur egun (Zuzenbidearen definizioko “eta printzipio” hori datu esanguratsua da zentzu horretan), baina, halere, ezin ukatu Zuzenbidearen ideia arauaren inguruan eraikitzen jarraitzen dela hein handi batean. Bada, Santi Romanok L’ordinamento giuridico argitara eman zuen garaian (1918an, alegia) are nabarmenagoa zen arau formalaren eta, batez ere, legearen monopolio hori.

Italiako Estatu Kontseiluko buru ere izan zenak tema berezia eskaintzen dio, beren lanaren hasieran, arauari ordena juridikoan damaion lekua zehazteari: ez du inolaz ere ukatzen errealitate juridikoa ulertzean eta aztertzean arauei rol erabakigarria eskaini behar zaienik. Are, onartzen du problema juridiko batzuetan Zuzenbidearen analisia arauen analisia baino ez dela izango. Baina Romanoren pentsamenduaren arabera Zuzenbidea ez dira arauak soilik, inondik ere. Bere idazlan honen bitartez, Romanok teoria instituzionalista edo ordinamentala deitu izan zaiona plazaratzen du (Hauriou frantsesak ere garatu zuena, nahiz eta Romano bera honen teoriengandik urruntzen saiatzen den testuan). Bere ustetan, Zuzenbidea arauetatik askoz haratago doan fenomenoa da, eta errealitate juridikoari itsukeriaz erreparatuta baino ezingo litzateke Zuzenbidea den fenomeno sozial zabal hori soilik arauetara mugatu. Hala, Zuzenbidea ordinamento giuridico edo ordena juridiko kontzeptuarekin parekatzen du, eta biak ala biak instituzioarenarekin, bere barrenean, besteak beste, arauak onartzen eta indartzen dituzten iturriak ere sartuz (guk ondo ulertu baldin badugu bederen, esan baitugu ez dela irakurketa xamur-xamurra, hain zuzen…). Hala, antolaketak, egiturak, ordenak, instituzioak, dute garrantzia Romanoren pentsamenduan, eta arauen fetitxismo moduko batetik urruntzeko nahiean efektibotasun printzipioa eta antzeko tresna teorikoak darabiltza Zuzenbidea, bere ustetan, zertan datzan azaltzeko. Lehen zatia ordinamento giuridico hori zertan den azaltzera eskaini ostean, existitzen diren ordena juridikoen arteko harremana eta elkarreragina aztertzeari ekiten dio bigarrenean.

Baina gatozen, zorabiagarriak izatera ere irits daitezkeen teoria hauek trakeski esplikatzeko gure saiakera apala egin ostean, Romanoren lanak iradoki digun eta hasieran aurreratzen genuen digresio linguistikora: nola esan ordinamento giuridico? Boteprontoan 5 modu ezberdin bururatzen zaizkigu baina, horiei heldu baino lehen, ikustagun italiera ez beste hizkuntza europarretan nola eman duten Romanok famatutako kontzeptu hau.

Hasteko, eta kontua uste zitekeen bezain erraza ez dela frogatzeko, ordinamento giuridico sarrerak ez du Wikipedian ez ingelesezko ez frantsesezko baliokiderik. Espainolez da kontua errazen: etimologia lagun, ordenamiento jurídico guztiz errotua dago praktika juridikoan, gero Espainiako Konstituzioari begirada bat botatzean egiaztatuko dugunez. El ordenamiento jurídico da, hain zuzen, guk irakurri dugun gaztelaniazko bertsioaren izenburua. Espainian ofizial diren katalanak eta galizierak, hauek ere etimologia lagun, ordenament jurídic eta ordenamento xurídico ematen dute. Portugesez ere, ordenamento jurídico.

Esku artean izan dugun espainierazko itzulpena: El ordenamiento jurídico.

Alemanierari heltzean hasten da kontua kolore zertxobait hartzen: Rechtsordnung; ordena juridikoa, alegia (gure aleman kaxkarrak traizio egiten ez badigu behintzat). Rechtsordnung izenburuz itzuli zuten hain zuzen Romanoren obra, Sebastián Martín-Retortillok bere hitzaurrean dioenez. Wikipediak txekierazko, polonierazko, eslovenierazko eta estonierazko ordainak ere eskaintze baditu ere, penaz aitor dugu horiek eremu ilunegiak direla guretzat ganorazko ezer esateko. Wikipediak frantsesarekin esku hutsik utzi bagaitu ere, badakigu L’ordinamento giuridico L’ordre juridique (hots, ordena juridikoa) gisa itzuli zutela frantsesera. Eta hizkuntzen itzuli osoa amaitu eta berriz hasierara iristeko, interes berezia du ingelesarekin gertatzen denak: hiztegiek legal system (hots, sistema legal edo lege sistema) gisa ematera jotzen badute ere, zinez esanguratsua da Santi Romanoren lanari buruzko artikulu batek bere laburpenean dioena: “The first part of this essay […] provides an outline of Romano’s theories; this account is intended to be sufficiently robust to benefit an English-speaking readership for which there is still no translated version of L’ordinamento giuridico available“. Alegia, ez dagoela ordinamento giuridico ingelesez emateko itzulpen adosturik. Jakinik ingelesez law-k zein esanahai zabala duen, horrekin eta legal system-ekin konformatu behar.

Hortaz, nola esan ordinamento giuridico? Lehenago aurreratu bezala, badira 5 aukera bederen:

  • Ordena juridikoa: hitzez hitz ez aipatzen saiatu garen arren, beste erremediorik izan ez dugunean horrelaxe eman dugu artikulu honetan bertan. Hautu hori egiterakoan gogoan izan ditugu Ibon Sarasolak bere Euskara batuaren ajeak liburuan emandako tesi orokorrak (Sarasolak, baina, legeria hobesten du liburu horretan bertan ordinamento giuridicoren ordain gisa[1]), ikusita ordenamendu testu juridiko itzulietan baino topatzen ez dela eta frantsesak nahiz alemanak bide honetatik jotzen dutela. Horrez gain, espainieraz ere orden jurídicok badu predikamendua, nahiz eta ordenamiento jurídico jaun eta jabe izan gaur egun. Nolanahi ere, ez dugu ezein lege testutan horrela adierazita ikusi, eta Wikipediak Zuzenbideari eskinitako orrialdean “ordena juridikoa” aipatzen badu ere, guztiz bestelako esangura batez egiten du. Esan bezala, hauxe da gure hautua, baina plazer handiz utziko dugu argudio sendoz konbentzi gaitzaten beste baten alde.
  • Ordenamendu juridikoa: lehen erdi-aipatu dugun bezala, espainieraz ezin zabalduago dago ordenamiento jurídico, lehenik eta behin Konstituzioan bertan. Gaude ordenamendu juridiko dela bere ordainik ohikoena testu itzulietan. Halaxe ematen du EHUk argitaratutako eta besteak beste Ibon Sarasolaren beraren aholkularitzarekin egindako itzulpenak.
  • Antolamendu juridikoa: zalantzaz uzten gaituen izen honekin ematen du Konstituzioko ordenamiento jurídico Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Konstituzioaren bere itzulpenean. Ezin uka antolamendu horrek baduela Romanoren teoria instituzionalistaren oihartzunik.
  • Sistema juridikoa: ingelesaren bidetik jota posible litzakeen izendapena da, baina beldur gara ez ote den lausoegia. Gainera, egokia dirudi ordena juridikoa baina zabalagoa den eta praktika juridikoa nahiz eragile eta usadio juridikoak barnebiltzen dituen zera bat izendatzeko. Ez da baztertzekoa, edonola ere.
  • Araubidea: oso oker ez bagaude, orain liburu berria kaleratu berri duen Pello Salabururi irakurria diogu Euskararen etxea bere lanean, ordenamendu juridikoaren aldeko hautua kritikatuz hain zuzen. Ez diogu itxura txarrik hartzen, baina akaso aproposagoa da esanahi generikoago baterako, araudiren sinonimo gisa edo.
  • [Bonus track] Jada pixka bat arkaiko edo behintzat Axular-style geratu zaigun 1978an bertan egindako itzulpenak lege araugintza edo araugintza juridiko gisa (1. eta 9. artikuluetan, hurrenez hurren) ematen du Espainiako Konstituzioko ordenamiento jurídico.

Erakusten saiatu garen bezala, badirudi badirela ordinamento giuridico esateko hainbat modu zilegi. Guk egina dugu gure behin-behineko hautua, norbait beste hobe batekin konbentzitzen saiatzen den bitartean. Horretarako, artikulu hau argitaratzearekin batera, azpiko inkesta jartzeaz gain, gure erreferentziazko txiolari juridikoei galdetuko diegu, ea zer izendapenen alde jotzen duten.

 

[1] Legeriaren hautua ezinezkoa iruditzen zaigu, Romanoren tesiari jarraiki hain zuzen: Zuzenbidea ez bada arauetara mugatzen, are gutxiago legeetara. Izendapen alternatibo sendoagoak daudela ikusita, uste dugu badagoela nahiko motibo legeria, adiera horretarako behintzat, baztertzeko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s